Hasi da udaleko hezkuntza departamentuko euskarazko zinema eta kontzertu pedagogikoen programa. 3.000tik gora ikaslek parte hartuko dute.
Lehen Hezkuntzari zuzendutako programak dira
Talaia, San Jose eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako Haur Hezkuntzako 3.307 ikasle eta irakaslek parte hartuko dute Hondarribiko Udaleko Hezkuntza departamentuak antolatutako 2017ko euskarazko zinea eta kontzertu pedagogikoen programetan.
Kalixa Silanes arloko zinegotziak adierazi duenez, eskolaz kanpoko jarduerak aberasteko modu bat eskaintzen dute programek, haurrei kulturari lotutako ohituretan eragiten baitiete: “Batetik, Hondarribiko ahalik eta ikasle gehien zenbait kultur adierazpidera hurbiltzeko aukera ematen dute, eta, hortaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak aberasteko bide bat jartzea bilatzen dugu, baita ohitura batzuetan eragitea gure gazteei, kasu honetan, Itsas Etxea Auditoriumera hurbildu eta kulturaz gozatzea. Azken helburua eta oso garrantzitsua, euskararen presentzia eskolaz kanpoan areagotzea da”.
Euskara zine aretoetara, Tinko programak bost euskarazko zine-emanaldi eskainiko ditu. Lehen biak otsailean egin ziren, eta bihar izango da hirugarrena —Ama Guadalupekoa eta San Joseko 3 eta 4. mailakoek
Bram Barrabas animaziozko filma ikusiko dute—, eta azken bi emanaldiak apirilaren 27an eta maiatzaren 18an izango dira.
Musika emanaldiei dagokienez, ikasturte honetarako lau kontzertu aurreikusi dituzte, musika eskolarekin elkarlanean. Horietatik bi martxoaren lehen astean egin zituzten, eta azken biak, hilaren 31n eta apirilaren 6an izango dira.