Uda eta gero hasiko dituzte lanak eta bost hilabetez luzatuko dira. Gaur onartu dute Amuteko biribilgunea egiteko proiektua.
Imanol Lasa foru bozeramailea, gobernu batzordearen ondoren azalpenak ematen
Amuteko biribilgunea egitea onartu du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Batzordeak. Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu dunenez, batez ere udan sortzen diren auto-pilaketei soluzioa emango die azpiegiturak: “Eremu honetan auto-pilaketa handiak egoten dira. Azken urteetan behin baino gehiagotan eskatutako aktuazioa da, eta Foru Gobernuak heldu egin dio. Uste dugu hobekuntza nabarmena ekarriko duela”. Obrak uda eta gero hasiko dituzte, 715.701,86 euroko aurrekontua izango dute eta bost hilabete iraungo dutela uste du aldundiak.
Lasak nabarmendu duenez, egungo egoera erabat aldatuko da biribilgunearekin: “Amute auzoan N-638 eta GI-2134 errepideen artean egun dagoen bidegurutzeak zirkulazioa bideratzeko irletak eta semaforoak ditu. Bidegurutzearen funtzionamendua traketsa eta ahalmen gutxikoa da, eta edukiera egunero gainditzen da, batez ere uda garaian”. Horregatik guztiagatik, Amuteko biribilgunea “lehentasuntzat” jo du foru bozeramaileak, nahiz eta hondarribiarrek urte asko daramatzaten biribilgunearen zain.
Bide Azpiegituretako departamentuko zerbitzu teknikoek idatzi dute biribilgune proiektua, eta gaur oniritzia jaso du. “Esleipena egin ondoren, lanak irailean hasiko dira, trafiko afekzioak ahalik eta txikienak izateko”, gaineratu du aldundiak.
Ospitalekoaren tankerakoa
Gaur onarturiko proiektuaren arabera (ikusi beheko irudia), Amuteko biribilguneak 50 metroko kanpoko diametroa izango du, eta hiru bide-adar.
Irteeretan ez da aldaketa nabarmenik izango: Hondarribiranzko bide-adarra bi erreietara egokituko da, eta Irun eta GI-636 errepiderako bide-adarrek errei bakarra izango dute. Sarrerak, aldiz, eraztuna baino pixka bat lehenago bi erreira zabalduko dira —ospitaleko biribilgunean bezala—, bidegurutzearen ahalmena handitzeko.
Biribilguneari lotuta, hirigintza lanak egingo ditu aldundiak, hala nola, espaloiak eta zerbitzu guztiak berregin, eta bidegorriak sortu. Bidegorri horiei jarraipena ematea faltako da.
Biribilguneari lotuta espaloia berregingo dute, eta bidegorria sortu