Ana Mari Elizazu irakasleari eta emakumeari omenaldia
Familia ondoan zuela, omenaldi hunkigarria jaso zuen atzo Elizazuk. Bezperan, herriko lehenengo andereñoekin solasaldia antolatu zuen Emeki elkarteak.
Ana Mari Elizazu omendu zuen atzo Emeki elkarteak, Hondarribiko Emakumearen Asteari amaiera biribila emanez. Urte askoan irakasle izan zen Elizazu, eta mintzalaguna gaurdaino. Etorkinekin, dirurik ez zutenekin, edozeinekin aritu izan zen mintzapraktikan. Eta ari da, astelehenero Mintzalaguna proiektuan parte hartzen jarraitzen duelako. Omenaldi hunkigarria jaso zuen atzo Emeki elkartearen egoitzan, bere familia ondoan zuela. Bezperan, lehenengo andereñoekin solasaldia egin zuten Puntaleko eskola zaharrean. 1965 urteaz geroztik —1961an hasi ziren antolatzen— herrian euskaraz irakasten ibili zirenekin aritu ziren blagan, eta garai hartako gurasoen testigantza ere izan zen, haiek hasi baitziren etxez etxe irakasle izan zitezkeenen bila. Larunbateko solasaldian egondako batzuek Elizazuren ondoan egon nahi izan zuten atzo, eta bildutakoen eskerrona jaso zuten.