Derbia irabazi eta bi postu gora egin du Hondarribiak
Real Unioni 2-0 irabazi diote hondarribiarrek eta jaitsierako postuetatik atera dira. Hurrengo partida Ordizian jokatuko dute.
Futboleko Ohorezko Mailako Hondarribia FE taldeak arnasa hartu baino gehiago egin zuen larunbatean Hondartza futbol zelaian. Aurreko hiru partidak galdu arren —horietatik bi aurkari zuzenen kontra—, bere buruan konfiantza dutela erakutsi dute hondarribiarrek, Real Unionen aurkako eskualdeko derbia irabazi zuten (2-0), eta jaitsierako postuetatik atera dira, Aloña Mendik eta Ostadarrek galdu zutelako. Hala, mailari eusteko inolako aukerarik gabe Martutene dago azken postuan (10 puntu), Aloñak 21 ditu, Ostadarrek 22, eta Hondarribiak 23. Ez oso urruti Vasconia (25), Elgoibar (28) eta Beti Gazte (30) daude, eta lasaiago, 11. tokian, Zarautz (33). Hurrengo partida kanpoan jokatuko du Hondarribiak, Ordizian. Ez da partida erraza, goierritarrak zazpigarren tokian daudelako eta azken aldian nahiko fin dabiltzalako. Nolanahi ere, multzoko lehen hamarren artean defentsan arazo gehien dituen taldea da ordiziarra, eta hori aprobetxatu nahiko du Hondarribiak. Gainera, Aloña Mendik Elgoibarren jokatuko du eta Ostadarrek Beti Gazteren zelaian; laurak ez jaisteko borrokan sartuta duden taldeak dira. Hondarribiak Ordizian zerbait lortuko balu, urrats txiki bat emango luke helburua lortze aldera.