Gipuzkoako Herriartekoari esker, bertsolaritzako eremu guztietan jarduteko aukera izaten ari dira Oarsoaldeko eta Bidasoko hiru bertso eskolak.
Abel Zabala (ezkerrean) eta Andoni Zelaia, Txingudi I taldeko kideetako bi, joan den ostiraleko saioan
Ez bertso afaria, ezta bertso lehia ere. Edo bai bata zein bestea. Bertso-afari puntuagarria egin zuten joan den ostiralean Irungo Hazia elkartean, Bertsozale elkarteak antolaturiko
Gipuzkoako Herriartekoaren lehen ekitaldiko Txingudi I taldearen estreinakoan. 30 lagunetik gora elkartu ziren afaltzera eta postrearen ondoren, bidasoarren eta Ereñotzuren arteko norgehiagoka bizitu zuten, baita gozatu ere.
Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Andoni Zelaia lehiatu ziren ostiralean ereñotzuarren kontra. Txingudi I da haien taldea, badelako Herriartekoan ari den beste talde bidasoar bat, Txingudi II. Horretan, Manu Goiogana, Egoitz Zelaia, Zuhaitz Olazabal eta Aitor Errazkin aritzen dira abesten. Errazkin Txingudi Bertso Eskolako irakasleetako bat da eta, nabarmendu duenez, bertsolarien atzetik kuadrilla handia elkartu da Herriartekorako: “Talde horiek osatu eta epaile, arduradun, gai jartzaile eta abarren artean, 22 lagun inguru gabiltza, guztira”.
Oinatz Mitxelenak jardun zuen gai jartzaile bezala. Saioa hasi aurretik urduri samar zebilen, baina gero nahiko aske ibili zen, errugbian aritzen zen garaietan bezala, gutxi gorabehera. “Saio bakoitzeko argazkiak, kronikak, bideo grabazioak eta halakoak ere talde bakoitzak egin behar ditu bereak, eta hori ere lan handia da”, gehitu du Txingudi Bertso Eskolako kideak. Dokumentazio lana, berriz, Oihana Aranbururen eta Mikel Gartziaren esku geratu zen. Eskerrak aro digitalean gaudela, bestela oraindik argazkiak eta bideoak errebelatzen ariko zen Gartzia.
Herriartekoak lehen ekitaldia du aurten, baina nabari zen Bidasoan ez direla halakoetan hasiberriak, Errazkinen hitzetan: “Laugarren urtea da Kabigorriko bertso gauak antolatzen dituguna, eta bigarren urtea Bertsotruk ekimenean hartzen dugula parte». Horiez gain, beste eragile batzurekin elkarlanean ari da Txingudiko Bertso Eskola. Esaterako, iazko urriaren 22an Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundar zenaren omeneko kantaldia egin zuten, Irungo kontserbatorioko hainbat irakasle eta ikaslerekin batera.
Baina antolakuntzan duten eskarmentu horrek ez zien balio izan Ereñotzukoen kontra irabazteko. Kanpotarrek ondo adierazi zuten haien asmoa agurrean: “Txirritaren izpiritua berpiztu” asmoz hurbildu ziren Haziara, “konkistatzera Irun”. Bidasoarrak ez ziren kikildu, baina “txinguditarren erronka, Txirrita kumeen kontra” samurra ez zela izango bazekiten. Eta hala gertatu zen, 6-18 emaitzarekin galdu baitzuten.
Txapelketa da Herriartekoa, baina giroa ez da txapelketa batena
Ate irekietakoa bezalakoa
Lehia da, baina ez da. Gipuzkoako Herriartekoan sailkapena egiten da, baina ostiralean Haziako afalostean konprobatu ahal izan zenez, giroan, jaietako bertso saiotik du gehiago txapelketatik baino. Errazkinek azaldu duenez, “txapelketa ez diote esaten kendu egin nahi zaiolako lehia kutsua, eta beste balore batzuk sustatu”. Baina egituran, txapelketa baten egitura du, elementu guztiak barne: bertsolariak, zaleak, gai jartzailea, epaileak… eta sailkapena. Ate irekietako txapelketa bat bezalakoa da, dena zalearen bistan gertatzen baita. Horrela, saioa bukatuta, txapelketa bat barrutik nolakoa den ezagutu izanaren sentsazioarekin joango da etxera ikuslea.
Eta bertsolaritza ikasleentzat, zer esanik ez, esperientzia oso aberasgarria da. “Dudarik ez dugu gure eskualdeko bertso eskola indarberriturik irtengo dela esperientzia honetatik”, iritzi du Errazkinek. Datu bat: bi dira Gipuzkoako banakako txapelketan aritzen diren Txingudi Bertso Eskolako kideak, Manu Goiogana eta Egoitz Zelaia. Herriartekoan, aldiz, zazpi bertsolari. Errazkinen ustez, “kontua ez da hainbeste plazarako pausoa zenbatek ematen duten, bide horretan ikasten, gozatzen, eta bertso-zaletzen direla da kontua”. Eta Herriartekoak horretarako bide ematen du, eta hala onartu zuten bukaeran, kantari, hernaniarren kontrako lehian galtzaile atera zirela jakiterakoan: “Gu bertsolari sentitzen gara gaur bezalako saioetan”.
Lan erditan ereñotzuarrek bazekiten Txingudi konkistatzeko gutxi falta zutela; “gu gerade onenak, gu gerade txapeldunak” abestu zuten koplakakoan. Saio biribila egin zuten, zaleen aurpegietan irribarreak margotuz nahiz bihotzak ukituz. Irabazten ere jakin zuten
txirrita-kumeek, irundarren lana goraipatu zuten, eta zaleen harrera eskertu, gozatu zutela esanez joan ziren: “saioan erori zaigun bakarra, kamareruan bandeja”.
Bi taldeetako bertsolariak, gai jartzailea eta epaileak
Bertsozale elkarteak lehen aldiz antolatu du Herriartekoa. Lehiaketa oraindik lehen fasean dagoen arren, formularekin asmatu dute eta, parte hartzeko izena eman nahiz saioetara hurbiltzen diren zaleak, denak izango dira garaile: bertsolaritza ikasleak, eta bertsolariez harago dauden protagonistak. Eta zaleek, bertso saioez gozatzeaz gain, normalean haiengandik oso urruti geratzen den bertsolaritzaren aldea ezagutuko dute.
Txingudi Bertso Eskola
- Taldeak. Bost taldek osatzen dute Txingudi Bertso Eskola. Haur eta gaztetxoena, 14 urte bitarte; Bat-bateko eskola, hasiberrientzat; bertsolaritza tailerra; eta beste bi bat-bateko eskola, helduentzat.
- Egoitzak. Haur eta gaztetxoen eskola EKTn egiten dute; bertsolaritza tailerra, bat-bateko hasiberrien eskola, eta helduenetako bat Junkal kaleko 22an izaten da, eta bat-bateko beste eskola, Hondarribiko Jaitzubian.
- Txapelketan. Herriartekoan bertso eskolako 22 lagun dabiltza, horietatik zazpi bertsolari bezala. Gipuzkoako Txapelketetan, banaka, bi aritzen dira.
- Informaziorako: Irunabar bloga bisitatu.