Defentsan oinarrituta, Logroñoko taldearen kontra irabazi eta azken fasea ia ziurtatu du Hondarribiko saskibaloi taldeak.
Express Hondarribia Ikasbasket taldeak berebiziko garrantzia duen garaipena lortu zuen larunbatean. Aurkari zuzen baten kontra, Embalajes Blanco San Ignacio Venue talde errioxarraren kontra irabazi zuen Hondartza kiroldegian (61-43), eta
average-a bere alde jarri —Logroñon 3 puntugatik galdu zuen Ikasbasketek—. Hondarribiko taldeko entrenatzaile Ganix Mironek onartu duenez, garaipenak egoera oso onean utzi du taldea: “Liga erregularra bukatzeko sei partida falta direnean, sailkapenean egoera oso onean jarri gara, hamahiru garaipen eta bost porrotekin. San Ignacioren kontrako garaipenak indarra ematen digu, eta txapelketaren azken faseari heltzeko lasaitasuna”.
Larunbatean, hondarribiarrek lehen momentutik erakutsi zituzten hortzak. Defentsa da berdeen indarrik onena eta lehen laurdenean erakustaldia eman zuten, San Ignacio sei puntutan utziz (15-6). Bigarren partzialean tartea zabaldu zuten hondarribiarrek, baina Logroñoko taldeak ondo bukatu zuen eta egoera zertxobait zuzentzea lortu zuen (35-26, atsedenaldian).
Aldagelatik bueltan gauzak ez ziren gehiegi aldatu, hondarribiarrak bikain defentsan eta errioxarrak presiotik nola atera ez zekitela (47-35). Laugarren laurdena ere etxekoentzat izan zen. Kanpoko jokalariek maisutasuna erakutsi zuten eta errebotea ere etxekoena izan zen. Azken emaitzak, 61-43, argi erakusten du larunbatean Hondartzan gertatu zena.
Esan bezala, defentsa lanean oinarritutako garaipena korala izan zen. Saskira begira, Cristina Gonzalez (11 puntu), Izaro Alza (12), Leire Izagirre (11) eta Nerea Saez de Buruaga (10) izan ziren etxekoen artean onenak.
Cristina Gonzalez izan zen onena erasoan, 11 punturekin
Bigarren postua helburu
Hondarribia Ikasbasket hirugarren jarri da sailkapenean eta ia ziurtzat eman daiteke Lehen Euskal Ligara igotzeko fasea jokatuko duela. Aurreko jardunaldian Navarro Villosladarekin galdu eta gero, lidergoak ihes egin die hondarribiarrei, eta Campus Prometek bere esku du zuzeneko igoera. 2.etik 5.era sailkatzen direnek lauko finala jokatuko dute eta, ziurrenik, bigarren tokian bukatzen duenaren etxean jokatuko da. Hortaz, borroka handia izango da fase erregularra bigarren bukatzeko (
ikusi sailkapena).
Une honetan Burdinola Getxo dago bigarren postuan, 14 garaipenekin; 13 ditu Ikasbasketek eta 12na Navarro Villosladak eta San Ignaciok —Ikasbasketek beste hirurek baino partida bat gehiago jokatu du—. Hondarribiarrei bost partida falta zaizkie, horien artean getxoztarren kontrakoa (martxoaren 19an, Hondartzan), gainontzeko lauak erosoagoak, nolabait esateko. Bostak irabazita, aukera izango luke Ikasbasketek bigarren geratzeko, bestela zaila dirudi.