‘Escuadra hacia la muerte’ antzeztuko dute Itsas Etxean. Alfonso Sastrek 1952an idatzi zuen testua eta, larunbatean, besaulki-patioan eseriko da idazlea.
Alfonso Sastrek orain 64 urte idatzitako
Escuadra hacia la muerte antzezlana taularatuko dute larunbatean Hondarribiko Itsas Etxean. 1953an estreinatu zuten lehen aldiz Madrilgo Maria Guerrero antzokian eta hiru saioren ondoren zentsurak obra debekatu zuen.
Paco Azorin eszenografo eta zuzendari madrildarrak berreskuratu du obra. Aktore taldean, antzerkian eta telebistan eskarmentu handiko seikote bat dago: Julian Villagran, Carlos Martos, Jan Cornet, Ivan Hermes, Agus Ruiz eta Unax Ugalde gasteiztarra.
Hondarribiko HITZAri eskainitako elkarrizketan, “obra gogorra, egiteko zaila” dela aitortu digu Ugaldek, eta pertsonaien psikologia lantzeko hitzaldiak jaso behar izan zituztela.
Obra gaurkotu du Paco Azorinek, baina Sastreren testuaren muinari eutsita. (arg: Pedro Chamizo)
Harrigarria da Sastreren jatorrizko testuak egun oraindik daukan indarra.
Bai, pentsatzen dugu nolabaiteko balioa duela oraindik. Egia da badituela Guda Hotzaren zenbait erreferentzia, baina gertu dagoen gerrari, etsai ezezagunari buruz ari denean, horretan bai, zoritxarrez, egoera ez da gehiegi aldatu.
Zer espero daiteke Paco Azorinek egin duen moldaketaz. Nolako Escuadra hacia la muerte antzeztuko duzue bihar?
Azorinek proposamen ausarta egin du, handira jokatzen duen zuzendaria da. Eszenografia moldatu dugu, ja ez da etxola bat basoan, baizik eta guda biologiko edo bakteriologikoa iradokitzen duen bunker bat. Testuan, ezabatu dira soldadu ingelesei edo frantsesei egiten zaizkien erreferentziak, Guda Hotzarekin lotzen duten nazionalitateen erreferentziak. Eremua zabaldu dugu, onirikoagoa bihurtu.
Finean, Sastreren testua existentzialista da, testuak kontatzen duena baino askoz istorio zabalagoa dago testuaren atzean. Horrez gain, Bertolt Brechten bertso batzuk sartu ditugu, horietako batzuk nik errezitatzen ditut. Zuzendariak sartu nahi izan ditu, zain dugun amaiera ilun horri argia eman nahian. Bukaera era ausartagoa da, urrats bat ematen du aurrera.
Obra originala ezagutzen dutenek erabateko errespetuz landu dela ikusiko dute, baina proposamen honek behar zituen moldaketak ere ikusiko dituzte.
Hirugarren Mundu Gerran kokatzen da istorioa, baina drama psikologikoa da. Bereziki landu behar izan al duzue atal hori?
Bai, bai. Obra distopia batean oinarritzen da, etorkizun ezezagun batean, desiratu gabekoa. Orwellen
1984 da gehien inspiratu gaituen obra alde psikologikoa lantzeko. Hainbat bilera izan genituen, existentzialismoari buruzko zenbait solasaldi, jatorrizko obraren xedea zein zen ondo ulertzeko balio izan zigutenak.
Ez da publikoa hotz uzten duen obra bat, oso gogorra da, egiteko zaila, ez bakarrik aktoreengatik, kontzentrazio asko eskatzen duelako, baina ikuslea ere behartzen du, testu sakonak direlako, eta atzean asko gordetzen dutelako.
Apostu inportantea da eta, CDN atzean ez balitz, zaila izango litzateke aurrera eramatea. Horregatik, oso pozik gaude funtzio hau berreskuratu izanagatik, duela 64 urte militarrek hirugarren antzezpenaren ondoren obra itxi zutenetik ez baita modu honetara antzeztu.
Ugalde, Pedro Recke da antzezlanean
Zure pertsonaiaz zer aurreratu dezakezu?
Pertsonaiak errespetatzen dira. Ni Pedro Recke naiz, soldadu zaharrena, bigarren kaboa edo. Traman pertsonaia nagusia da, Julian Villagranek antzezten duen kaboaren ordez aginte gehiena lukeena.
1953an estreinatu zuten antzoki berean estreinatu zenuten zuek.
Oso hunkigarria izan zen, gau magikoa. Alfonso Sastreren senideak etorri ziren, Alfonso ez, nagusia delako eta ezin izan zen etorri. Horregatik, Hondarribiko emanaldia berezia izango da, Alfonsok, hainbeste urte eta gero, bere obra berriro ikusteko aukera izango duelako.
Ilusio handiarekin goaz, egiten ari garena berari gustatzea espero dugu. Ilusio handia egiten digu Sastrek bere testuetako bat berriro eszenatoki gainean interpretatua ikusiko duela jakiteak.