Arma Plaza Fundazioak argazki zaharren bilduma egin nahi du, erakusketa egiteko. San Pedro kaleko esperientzia errepikatu nahi dute.
Argazkiak 1970 urtea baino lehenagokoak izan behar dira
Hondarribiko Arma Plaza Fundazioak, Alde Zaharrari buruzko aspaldiko argazki eta postalen erakusketa antolatu du, 2014an San Pedro kalearen inguruan egindakoaren antzera. Txomin Sagarzazu alkate eta Fundazioko presidentearen hitzetan, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da erakusketa antolatu ahal izateko: “Alde Zaharreko kaleko eguneroko bizitza, merkataritza dendak (barnealdea eta kanpoaldea), jaiak, jolasak, bitxikeriak, garraioa, hotelak, gastronomia, ofizioak, eta abar irudikatzen duten argazkiak izan ditzaketen guztien lankidetza eskatzen du”.
Portukoarekin egin zuten bezala, Alde Zaharreko argazkien bilketaz arduratuko den lan-taldea osatu dute; Mikel Jauregik, Javier Sagarzazuk, Jose Mari Lopezek eta Floren Portuk osatuko dute berriro. “Laguntzeaz gain, beraien bilduma pribatuko argazkiak eta postalak batuko dituzte. Duela hiru urteko lan talde bera da eta eskertu nahi diet egiten duten lan handia eta erakusketarako bere bildumetako argazkiak eskaintzea ere”, adierazi du alkateak.
Lan-taldeko kide Javier Sagarzazuk herritarrak animatu ditu, lagundu dezaten: “Hain garrantzitsua den gure hiriko zatia den Alde Zaharreko eguneroko bizitza gogorarazten diguten argazki ezezagunak lortzea da gure helburua. Horregatik hondarribiar guztiak animatzen ditugu beraien etxeetan argazki hauek bilatzera eta Arma Plaza Fundazioarekin kontaktuan jartzera”.
Zer egin behar den jakiteko, 943 64 46 23 telefono zenbakira deitu edo Arma Plaza Fundazioaren posta elektroniko helbidera
idatzi behar da.
Erakusketa, udan
Martxoa bukaera arte bilduko dituzte argazkiak. Fundazioak jakinarazi duenez, protokolo bat diseinatu dute, “hauek ematea errazagoa izan dadin eta etorkizuneko erakusketarako eskakizun legal guztiak betetzeko”.
Udan, Arma Plazan erakutsiko dute bildutako materiala, uztailaren 15etik abuztuaren 31ra arte. Gerora, kalean erakutsiko dituzte, baina hori oraindik ez dute zehaztu.