Josune Gomezek astelehenean ezagutarazi du hurrengo hilabeteetan ospatuko diren kontzertu pedagogikoen aurtengo edizioko kontzertuen zerrenda
Aurreko urteko kontzertu pedagogikoen saio bat.
Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteria ordezkari Josune Gomezek, astelehenean ezagutarazi du hurrengo hilabeteetan ospatuko diren kontzertu pedagogikoen aurtengo edizioko zerrenda. Amaia Kultur Zentroan izango dira kontzertuak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hiriko ikastetxe guztietako ikasleei zuzenduak. Guztira 9 kontzertu eta 14 emanaldi izango dira ikusgai.
Urtero bezala, Albada musika taldeak sortu zuen proposamen honetan, musika estilo ugari ikusi eta entzun ahal izango dira: popa, folka, rocka edo jazza, besteak beste. Josune Gomezek kontzertu pedagogikoen helburuak zehaztu ditu: “Zirkuitu komertzialetan proposatzen denaren aldean musika desberdina entzuteko aukera egongo da, eta gainera musikaren alderdi desberdinak ezagutzeko aukera egongo da (instrumentuak, historia, estiloak…) zuzenean, eta parte hartuz”.
Egitaraua
Otsailaren 22an izango da kontzertu pedagogikoen lehen saioa. 10:30ean hasiko da SkolaMusik-en kontzertua, DBH 2. mailako gazteei zuzendua.
Martxoan izango da bigarren saioa, 10ean, hain zuzen ere. 10:30ean
El elixir del amor opera eskainiko du Luis Mariano Elkarte Lirikoak. Opera hau, LH 6. mailako ikasleentzat izango da. 29ean, bestalde, Albada taldearen bi kontzertu entzuteko aukera izango dute gazteek. 09:30ean eta 11:00ean hasiko diren kontzertu pedagogiko horiek, LH 5. mailako ikasleek ikusi ahal izango dituzte. Hurrengo egunean, martxoaren 30ean, Txistularien Udal Bandak emango du musika saioa. Hauek ere bi kontzertu eskainiko dituzte, 09:30ean eta 11:00ean. LH 3. mailako ikasleak izango dira ikusle kontzertu honetan.
Apirilaren 26an pianoa eta txeloa ikusgai izango dira Amaia Kultur Zentroan. 09:30 eta 11:00etan LH 2. mailako gazteei zuzendua oraingo honetan.
Maiatzaren 3an eta 4ean, Donato Goyeneche Trio taldeak ere kontzertu pedagogikoa eskainiko du. 10:30ean emango diote hasiera eta DBH 1. mailako ikasleek parte hartuko dute. Maiatzaren 10ean, Ametsa Txiki abesbatzaren ikuskizuna LH 4. mailakoek ikusteko aukera izango dute, 09:30 eta 11:00ean. Hilaren 24ean, 10:30ean, Udal Kontserbatorioko orkestraren kontzertua izango da, eta kasu honetan DBH 3.mailakoak ikusle bezala arituko dira.
Kontzertu pedagogikoei bukaera emateko, urriaren 27an, 10:30ean, Luis Mariano Elkarte Lirikoak “La Traviata” opera eskainiko du LH 5. eta 6. eta DBH 1 eta 2. mailako gazteentzat.