Etxez etxeko zerbitzua ematen dutenekin harremanean ari da udala, Sergio Corchon Gizarte Ongizate ordezkariak azaldu duenez.
Sergio Corchonek hainbat akusaziori erantzuteko aukera baliatu du.
Irungo Udalak jakinarazi du, behin jakinda egun etxez etxeko arreta zerbitzua ematen duen enpresak uko egin diola zerbitzua ematen jarraitzeari, enpresa berri bat kontratatzeko beharrezkoak diren urratsak ematen ari dela. “Gure konpromiso irmoa mantentzen dugu zerbitzu hori garatu eta handitzeko. Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzarmenagatik mugatuta egon da”, esan du Sergio Corchon Gizarte Ongizate ordezkariak. Kontratu berriarekin, ordezkariak adierazi du Irunek “zerbitzu erakargarriagoa eta egungo baldintzetara egokitua” izango duela.
Egun zerbitzu horrek bizi duen egoeraz ere mintzatu da Corchon. Adierazi du egungo langileekin nahiz sindikatuekin harremanean dagoela saila sor daitezkeen berritasunen berri emateko. Aldi berean, aldundiarekin ere hartu-emanean ari da udala, kontratu berriaren gaineko aukerak aztertzeko.
Akusazioei erantzuna
Corchonek aukera baliatu du hainbat zehaztapen egiteko. Adibidez, Gizarte Zerbitzuetatik herritarrei esaten zaiela antzeko zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuetara joan daitezela esaten dutenak. Gizarte Ongizate ordezkariaren esanetan, zerbitzura joaten direnei Dependentzia Legeak agintzen duena esaten diete, “departamentuak egiten duena da, beraz, dauden aukeren berri eman, udal baliabideei garrantzi berezia emanez”.
Etxex etxeko langileek ere mobilizazioak hasi dituzte. Horren gaineko iritzia ere eman du Corchonek: “Manifestazio eskubidea errespetatzen dugu. Baina lan gatazka bat ezin da bihurtu irainerako plataforma batean, ezta Irun zikintzeko bide batean. Udalaren atea beti zabalik dago hitz egiteko, baina beti arrazoizkoak diren mugak gainditu gabe. Gainera, asteak daramagu langileekin hitz egiten”.