Garraio eta logistikan dabiltzan enpresa gehienak errepideko garraioaren sektorean dabiltza. Bidasoa Bizirik-ek eskualdearen diagnostikoa egin du.
Zaisa III eremua, Irunen.
Garai bateko indarrik ez du, baina oraindik ere, Bidasoan eragin handia du garraioari eta logistikari lotutako jarduera ekonomikoak. 3.000 laguni ematen die lana eskualdean, eta orotara 600 enpresa daude. Enpresa horien %60 errepideko garraioari lotutakoak dira.
Datu hori Bidasoa Bizirik-ek eman du, eta Bidasoko ekonomia jardueren diagnostikoan bildu du. Berria da diagnostikoa, eta horren helburua da aurrera begira eskualdearen garapen ekonomikorako plan estrategiko berria osatzea. Datuak bilduta, lau hilabeteko epean egin nahi dute plan hori, helburu zehatzak finkatuz, betiere datu horietan oinarrituta.
Diagnostikoan jasota dagoenez, Bidasoko enpresetan 25.000 pertsona ari dira lanean, %83 Irunen eta gainontzekoak Hondarribian. Enpresa gehienak zerbitzuen sektorekoak dira (%72), eta horien artean nagusi dira langile bat edo bi dituztenak. Hala, Bidasoko langabezia tasa (abenduan) %12,9koa zen.
Diagnostikoan ere jasota dago Bidasoko biztanleriaren hazkunde begetatiboaren joera goranzkoa dela oraindik, Gipuzkoakoarena baino handiagoa. Gainera, gazteen zenbatekoa handiagoa da eskualdean herrialdearekin alderatuz, baita atzerritarren tasa ere. Biztanleriaren formazioa ona da oro har Bidasoa Bizirik-ek jaso duenez, eta hezkuntza eskaintza “handia, zabala, integrala eta anitza” da. Bestalde, azken urteetan prestazio edo laguntza ekonomiko publikoren bat jasotzen dutenen kopuruak gora egin du.
Sektoreak
Industrian 3.271 lagunek egiten dute lan Bidasoan (okupatu guztien %14), enpresa gehienak Irunen daudela. Jarduera gehien produktu metalikoekin lan egiten duten enpresek sortzen dute. Berrikuntza eta enpresa sortzaileen eremuan, berriz, 575 enpresa daude eskualdean, eta apurka handitzen ari da atal horrek enpleguan duen eragina.
Beste enpresei zerbitzuak ematen dizkieten enpresek, orotara, 1.151 langile dituzte Bidasoan: arkitektura eta ingeniaritza zerbitzuak ematen dituzte gehienek, eta ondoren kontabilitatekoak nahiz juridikoak ematen dituztenak kokatzen dira.
Eta pertsonentzako zerbitzuak ematen dituzten enpresek ere badute pisua Bidasoan, 361 daudelako 1.400 langile ingururekin: osasungintza orokorreko edo espezializatutako aholkularitza zentroek, nahiz hortz klinikek hartzen dute sektore honen zatirik handiena (%71).
Merkataritza, ostalaritza eta komertzio sektore Irunen dago kontzentratua bereziki (1.070 establezimendu), eta horien ezaugarri nagusia da gehiengo zabala (%86) familia negozioak direla.
Turismoa indar handia hartzen ari da azken urteetan, batez ere Hondarribian kontzentratuta.
Eta lehen sektorearen pisua eskualdean ez da oso handia. Salmenta zuzena duten baserrietako 44 ekoizle daude, baita zenbait abeltzaintza ustiategi ere. Hondarribian, gainera, arrantzarako 25 ontzi daude.
Lan politikak
Diagnostikoaren aurkezpenean Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-eko presidenteak esan zuenez, “Bidasoa eskualdearen eskaner bikaina” izatea izan da ikerketaren asmoa, “eta horrek lan politikak era zehatzago eta eraginkorrago batean zuzentzen” lagunduko du. Juan Mari Altuna presidenteordearen arabera, eskualdearen benetako egoeran zein den jakin ahal izateko balio du diagnostikoak, “egokitu ahal izateko eta egoera aldakor honen aukerak baliatu ahal izateko”.