Korrika Urtemuga Jaia egingo dute bihar Ficoban. AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa sortu zutenak omenduko dituzte, besteak beste, sormenez inguratutako bazkarian
Lehengo Korrikaren lekukoa da honakoa, 1980koa. Oñati eta Bilbo arteko bidea egin zuen.
Korrikak badu bere kondaira: euskararen eta AEKren aldeko iniziatiba ibiltaria mahai baten inguruan sortu zen, afari batean, errioxar erara egindako patatak jaten, Alvaro Gurrea sortzaile donostiarraren etxean. Euskal Herrirako sinesgarria oso mitoa. «Hori da mitoa, kondaira, bai. Korrikaren jatorria azaltzeko modu polita da. Baina afari hori egin zela egia bada ere, aurretik urrats asko eta asko eginda zeuden jada», azaldu du Asier Amondok: norbaitek Korrikaz zerbait badaki Amondo da, hura da euskararen aldeko iniziatiba izerditsuaren koordinatzaile orokorra.
XX. mendeak ia 80 urte bete zituenean izan zen afari hori, eta bertan, beharbada mitoa edo kondaira hausteko, izen baten aldeko adostasuna soilik lortu zuten patatak eta txorizoa partekatu zituztenek: Korrika. Hau da, aurretik erabakita zegoen euskararen eta AEKren aldeko lasterketa bat egingo zela, toki batetik hasi eta Euskal Herria zeharkatzea izango zuela helburu, behin baino gehiagotan errepikatuko zela, eta lekukoak eskuz esku joango zirela.
Korrika sortu zutenak, afari hartan egondakoak ere noski, omenduko dituzte bihar Ficoban, «finean, Korrika maite dugunon, dutenen, jaia izango da. Korrikaren sortzaileak omenduko ditugu, aspaldiko lagunek egingo dute topo. Ederra izango da, AEKrentzat bertan ibilitakoentzat, eta nahi duen ororentzat». 13:30ean hasiko da ekitaldia, eta 19:00etan bukatu. Korrikaren Urtemuga Jaia deitu diote Irungo ekitaldiari.
Ustez afari batean sortu zuten, eta bazkarian 1980tik 37 urtera, egingo diete omenaldia sortzaile horiei. Baina ez da bazkari soila izango. Sorpresak badaude, erruz gainera. Ficobako ekitaldia hiru zatitan banatuko dutela aurreratu du Korrikaren koordinatzaileak.
Ekitaldia
20. Korrika martxoaren 30ean abiatuko da Otxandion (Bizkaia), eta Iruñean bukatuko du bidea apirilaren 9an. Oarsoaldetik eta Bidasotik apirilaren 4an pasatuko da. Urrun dirudi horrek guztiak. Ficobako biharko jaialdiak Korrikazaleak berotzen eta asetzen joateko baliagarri ere izango da.
400 lagunentzako tokia atonduko dute AEK-ko kideek Ficoban. Izena emateko aukera itxita dago. Baina baten batek joan nahiko balu (taldeak ez dira onartzen, toki bakan batzuk gelditzen dira bakarrik), ekitaldiak@korrika.eus posta elektronikora idatzi beharko du eta erantzunaren zain gelditu. Hau da, ez da ziurra hara idatziz gero 20 euroko balioa duen txartela lortuko denik.
Ekitaldiak hiru zati izango ditu: lehenean azken 9 Korriken errepasoa egingo dute; bigarrenean —bazkaria bitartean— esketx nahiz ekitaldi laburrak egongo dira; eta azken atalean lehenengo 10 Korrikei begira jarriko dira otorduan izango direnak. 18:00ak aldera hasiko da omenaldi ekitaldia, bertan omenduko dituzte Korrikaren sortzaileak.
Asier Amondok aipatu du biharko ekitaldia Ficoban egitearena ez dela ausazko erabakia izan. «Iparra eta hegoa zubi batek, eta ez muga batek, bereizten dituen tokian dago Ficoba. Denentzat hurbil dago. Korrikaren arranke antzekoa izango da Ficobakoa, termometroa jarriko dugu».
Ficobako ekitaldia
- Aurkezleak. Sara Cozar, Artzen Letona, Reyes Prados, Ekaitz Gonzalez eta Peru Iparragirre.
- Antzerkia egingo dutenak. Eñaut Gantxegi, Nerea Arriola eta Gorka Zubeldia.
- Musika. Pettik, Pasai Txarangak eta Bi zaldik jarriko dute.
- Bakarrizketa. Ion Martinez.
- Dantzariak. Zaira, Amaia Irurtia eta Elene Sorozabal.
- Bertsolariak. Onintza Enbeita, Alaia Martin eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa.
Korrika batzordeak ari dira apurka apirilaren 4aren gainekoak lotzen
Korrika batzorderik ez balego, zaila litzateke Korrikak ekartzen duen lan guztiari aurre egitea. Apirilaren 4an iritsiko da Oarsoaldera (eguerdian eta arratsaldean) eta Bidasora (arratsaldez) 20. Korrika, eta egun horri begira, nahiz aurrerakoetan pentsatuz, ari dira lanean tokian tokiko batzordeak. Oarso Bidasoko herri guztietan daude.
Oiartzungo batzordeak, adibidez, gaurko deitu ditu herritarrak prestaketa lanak aurreratzen joatera. 17:00etan gelditu dira Fermiñene Etxean herrian zer egin erabakitzen joateko bidea urratzen hasteko.
Errenteria-Oreretako data batzar hirukoitzarekin dator. Hau da, hilaren 20rako hiru bilera antolatu dituzte Xenpelar AEK euskaltegian, beste hainbeste batzorderenak: 12:00etan Korrika Txikia prestatzeko bilduko dira; 17:00etan Korrika Gazteari buruz hitz egiteko; eta 19:00etan Korrika nagusiaren gainekoak zehazten joateko.
Lezon ere badute hitzartuta noiz egin herriko bigarren batzordea izango dena: hilaren 16an, ostegunarekin, 19:00etan eta Oroitzene AEKn bilduko dira.
Pasaiako batzordeak ere ez daude geldirik. Antxoko bigarrena herenegun arratsaldean egin zuten, eta San Pedron martxoaren 2an bilduko dira (ostegunarekin), 19:30ean, alkateordetzan; Donibaneko batzordea inguru horretan dira egitekoak AEKtik esan dutenez, baina oraindik zehazteke dago eguna eta ordua.
Bidasoan
Bidasoan ere bada mugimendurik. Hala, Hondarribiko batzordea atzo bildu zen lehenengoz Kultur Etxean. Irunen lehenengoz batzartuko dira hilaren 16an (osteguna) bertako AEK euskaltegian (Legia kalean dago). Deialdi irekia da, denei zabalik.