Hilaren 17ko pilota jaialdiko partida nagusia Elezkano II-Zabaleta eta Artola-Albisu bikoteek jokatuko dutena da, binakako txapelketako ligaxkakoa.
Udaleko, Kurpil Kirolak-eko, eta Asegarceko kideak, gaur, aurkezpenean.
Goi mailako pilota Irunen hilaren 17an (ostirala). Profesionalen eskuz binakako ligaxkaren barruko partida jokatuko dute Uranzu pilotalekuan Artola-Albisu eta Elezkano II-Zabaleta bikoteeek. Ligaxkaren lehen postuak erabakitzeko saltsa handiko partida izango da, izan ere, binakako txapelketako ligaxkan bigarren eta hirugarren dira, hurrenez hurren, bi bikote horiek. Materiala hilaren 15ean aukeratuko dute Uranzun bertan, 16:00etan.
Partida hori jaialdi zabalago baten barruan jokatuko dute. Pilota jaialdia 20:30ean hasiko da Dario-Juanarena eta Errandonea-Martija bikoteen arteko lehiarekin. Ondoren iritsiko da binakako txapelketarako erabakiorra izango den norgehiagoka. Azken partida grabatuta emango du ETB1ek, gauean.
Partida Irungo Udalak eta Kurpil Kirolak, nahiz Asegarce enpresak egindako elkarlanari esker jokatuko da Irunen. Horren berri eman dute gaurko agerraldian Pedro Alegre udaleko Kirol ordezkariak, Kurpil Kirolak elkarteko presidente Juanjo Aldakok, eta Asegarceko ordezkari Jose Angel Balanza eta Rafa Etxeberriak. Hala, Alegre, gustura agertu da elkarlanak emandako emaitzarekin, eta aldi berean oroitarazi du Uranzu berritu aurretik azkenekoz zapalduko dutela pilotari profesionalek Uranzu.
Sarrerak
Sarrerak astelehenetik (hilak 13) izango dira salgai Peña kalean dagoen Kurpil Kirolak elkartean, astelehenetik ostegunera, 19:00etatik 20:30era. Gainera, partidaren egunean (hilaren 17an) pilotalekuaren leihatilan tiketak erosteko aukera dago, 18:00etan hasita.
Erreboteko sarrerek 20 euroko prezioa dute; harmaila nagusikoek 25ekoa; eta kantxako aulkien sarreren zenbatekoa 30 eurokoa da.