Lau gol, sinisteko

Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak 0-4 irabazi du Deban, Amaikak Baten kontra. Urriaren 8tik irabazi gabe zegoen taldea.

Hondarribia Futbol Elkartea Amaikak Bat

Garaipen handia lortu zuen taldeak Deban (arg: @HondarribiaFE)

Urriaren zortzitik irabazi gabe zeraman Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak. Bi garaipen ligako lehen bost partidetan, eta bat ere ez hurrengo hamalauetan. Sailkapeneko zazpigarren postutik 17.era jaitsi zen taldea, azken aurrekora. Garaipena behar zuen, baina ez zen iristen. Berdinketak bai, garaipenik ez. Baina taldeak lanean jarraitu du, partida serioak egiten —beste batzuk ez hainbeste—, eta puntuak pilatzen. Zortzi aldiz berdindu du, beste inork baino gehiago. Baina garaipena behar zuen taldeak, berdinketa horiek zerbaiterako balio izateko. Eta garaipena iritsi da. Eta nolakoa, gainera. 0-4 irabazi zuen Hondarribiak larunbatean Debako Errotazarren, zazpigarren tokian zegoen Amaikak Baten kontra. Erakustaldia eman zuten, haien gaitasunean sinisten dutela erakutsi zuten hondarribiarrek. Orain, berrestea falta da, beste garaipen bat behar du taldeak, etxean, partidatik partidara Hondartzako harmailetatik burumakur joan diren zaleei eskaintzeko. Eta bere buruarentzat ere, bolada txarra bukatu dela sinisteko. Hurrengo asteburuan Mutriku izango dute aurkari Hondartzan, ez da bigarrena jarraian lortzeko lehiarik errazena izango, baina aurrekoa ere ez zen. Sinistea da kontua.

Hondarribiko asteburuko kirol emaitzak

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.