Hondarribiko olinpiadetako kronika serioen kontra iaz jarritako debekua kendu du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak. Itzuli dira kronika serioak.
Itzuli dira Hondarribiko Herri Olinpiadetako kronika serioak, idazle anonimo batek II. olinpiadetan zehar idatzi eta HITZAri bidaltzen zizkion kontakizunak. Mundu osoko Euskal Etxeetan olinpiadetan gertatzen zenaren berri izan zezaten idazten omen zituen, eta informatzaile sare harrigarriari esker, gertaera bakoitzaren atzetik zegoena azaleratzea lortu zuen. Inori ‘karantxoa’ esan beharrik gabe, sekulako arrakasta lortu zuten kronika serioek, baina ez zuten batzorde olinpikoaren eta zenbait erakundeen onespena jaso, herri olinpiaden atzetik ezkutatzen diren interesen eta hartuemanen berri ematen zutelako. Horregatik, Espainiako gobernuak EAEn zuen ordezkariak, Carlos Urkixok, kronikak guztiz debekatu zituen iaz, eta Madrilek
rojadirecta Interneteko plataforma itxi zuen, HITZAk testuak bertatik jasotzen zituela ondorioztatu zuelako.
Baina itzuli dira kronikak, urtarrilean Madrilen egin zen bilera garrantzitsu bati esker. Josu Erkoreka sailburuak Maria Dolores de Cospedal Defentsako eta Erasoko ministroarekin elkartu zen urtarrilaren 12an, eta Rajoiren gobernuak Hondarribiko Olinpiaden kontra hartutako zenbait erabaki bertan behera uztea adostu zuten. Beste gauza txiki batzuez gain, kronika serioak baimentzea eskatu zion Erkorekak Cospedali, eta ministroak eskaera presidenteari helaraziko ziola ziurtatu zion jeltzaleari.
Erabakia urteko lehen ministroen kontseiluan hartu zuen Madrilek eta, bilera amaituta, Cospedalek berak jakinarazi zion Urkulluri. Hau izan da PP-k Madrilen gehiengo osoa lortu ez izanak ekarri duen lehen ondorioa garrantzitsua. Egun batzuetara, urtarrilaren 25ean Arantxa Tapia azpiegituretako sailburua Hondarribira hurbildu zen, aurten kronika serioak errekurrituko ez zirela adierazteko. Hori esatera bakarrik etorri zen, baina Tapiaren txoferrak Damarriko azokan uste baino denbora gehiago eman zuenez, farolako bideaz, aparkalekuez eta beste gauza batzuei buruz hitz egiten aritu ziren.

Tapia, Hondarribiko udaletxean, kronika serioak itzuliko direla jakinarazten
Urkixoren ordezkoa, De Andres
Kronika serioak itzultzeaz gain, gobernuak EAEn duen ordezkaria aldatzea adostu zuten EAJk eta PP-k. Abenduaren 29tik Javier de Andresek hartu du Carlos Urkixoren tokia eta erabakiak poza eragin du batzorde olinpikoko kideen artean, kronika serioen kontra bezala —hori ez zien axola—, Urkixok olinpiaden aurka ere erabaki asko hartu baitzituen. Besteak beste, proba bakoitzaren aurretik Espainiako ereserkia entzun behar zela eta olinpiadetako bazkariaren aurretik mahaia bedeinkatu behar zela erabaki zuen Laudiokoak. HITZAk jakin izan duenez, erabaki horiei kasu ez egiteagatik Europako diru-laguntzak jaso gabe geratu dira herri olinpiadak. Akordioari esker, aurten ez da Espainiako ereserkia jartzeko agindurik izango; mahaia bedeinkatzearena mantendu da.
De Andresek beste begirune bat izan du olinpiadekiko, lehen egunetik hasita. Asteburu honetan aro berriko IV. ekitaldia hasi behar zela jakin zuenean, baimena eman zion batzorde olinpikoari: “
Autorizo a que el sábado 4 de febrero se realicen las pruebas correspondientes a las regatas de traineras, a ser posible al norte de la isla de Amuich“. Baina agindua ez zuen gutun ziurtatuz bidali eta atzo larunbat arratsaldean iritsi zen; beranduegi, ordurako ari zirelako Arrantzale Auzoan inaugurazioa antolatzen.
Inaugurazio zaila
Oro har, Euskal Herriko gizarte osoa poztu da Hondarribiko olinpiadetako kronika serioak itzuli behar zirela jakiterakoan. Olinpiadak itzultzeak, aldiz, kontrako erantzunen bat jaso izan du. Izan ere, olinpiadetako sua berriro piztu behar zutela jakiterakoan, errausketaren kontrako manifestazioa antolatu zuten Hondarribian inaugurazioaren egunerako, eguerdirako. Batzorde olinpikoak urgentziazko ordezkaritza bidali zuen manifestaziora, eta inaugurazioko sua kartoizkoa izatea adostu zuten bi aldeek. Are gehiago, hasiera batean PVC plastikoz egin behar zuten kartel argiduna, kartoizko kaxa berrerabiliekin egiteko ados jarri ziren. Gero, gertatu zena gertatu zen, kartela jartzen saiatu zirenean euriak hondatu zuela, eta ezin izan zela lurretik altxatu.

Kartoizko kaxekin egin behar izan zuten kartel argiduna, eta euriak hondatu zuen
Gezurretako suarekin eta jarri ezin izan zuten argidun kartelarekin hasi dira Hondarribiko IV. Herri Olinpiadak. Gainera, haizeak kalteak eragin zituen Jaizkibeleko antena multzoan eta Eurosportek ezin izan zuen inaugurazio ekitaldia zuzenean eman. Lastima, esperanto hizkuntzan idatzitako mosaiko ederra prestatu baitzuten kuadrillek. Eguraldia okertzen ari zela ikusita, aurreikusitakoa baino bi ordu lehenago osatu zuten mosaikoa, 18:17an (irudian ’20:17ean’ jartzen du: ‘Hondarribiko Columpioak 20:17′ eta ondoren eta emotikono batzuk’.

Kolunpien aldeko mosaikoa osatu zuten, esperanto hizkuntzan
Inaugurazioaz aparte, lehen proba puntuagarria egin zuten atzo. Logo proba. Hori ere nahiko desastroso joan zen. Nonbait, epaimahaikoei norbaitek esan zien atzo itsasoko probak egin behar zirela, eta Higer aldean pasatu zuten arratsaldea, taldeen marrazkien zain. Gurutze Gorriak goizaldean aurkitu ditu, onik baina mela-mela eginda. Hori horrela, epaileen faltan, taldeen beraien artean erabaki behar izan zuten irabazlea. Horrek, lehen aldiz Hoz Ez Pattukek ez irabaztea ekarri zuen, aurreko bi ekitaldietan zabaldu ziren azpijoko zurrumurruak sendotuz. Baina aurten, ‘hok ez pagattuk’ gertatu da, eta beste batzuek
irabazi dute, Barrio Txinokuek.
Laugarrenez lehiatzen dira Barrio Txinokuak olinpiadetan eta irabazten duten lehen proba izan da. Bejondeiela! Udan hasi ziren marrazkia prestatzen eta herriko jaiak eta geroztik crowfunding kanpaina egin zuten taldeko kideek, paperezko mahai-zapian inprimatzeko gai den inpresora bat erosteko. Efektua hain da errealista, ezen atzo bildutako gehienek uste baitzuten marrazkia bazkarian egin zutela.

Barrio Txinokuak taldeak eginiko marrazkiak irabazi du logo proba
Hurrengoa, parodia
Hasi dira aro berriko Hondarribiko IV. Herri Olinpiadak, eta kontatu dugun bezala hasi dira. Eguraldiak ez zien lagundu, baina zailtasun guztiei izkin egiteko gaitasuna erakutsi dute berriro herriko gazteek —eta Ashkoraxekoek—. Eguraldiagatik, ordu berean nazioarteko beste kirol proba batzuk zeudelako, eta beste arrazoi batzuk medio, jendea falta zen atzo, eta
talde batzuetako argazkietan hutsuneak nabari ziren —talde bakoitza hamar kidez edo gehiagoz osatua egon behar da—. Pena jendea falta izana, beraientzat okerrago, zailtasunak zailtasun, benetan polita izan baitzen atzoko inaugurazio ekitaldian bizitu zen giroa.

Gazteak, aulki jokoan, inaugurazio ekitaldia bukatu eta gero
Hurrengo jardunaldia parodia olinpikoa izango da, inauterietan. Printzipioz, hilaren 25an (larunbata) egingo dela iragarrita dago, baina Barrio Txinokuak lider direnez, baliteke astelehenera atzeratzea. Nonbait, kirol lehiaketan astelehenetan jartzeak Txinako audientzietan eragin ona omen du. Albistea baieztatu bezain pronto Hondarribiko HITZAk jakinaraziko du.
Bitartean, hau izan da lehen jardunaldiko kronika, idazle anonimo batek
HITZAko posta elektronikora bidali duena. Jakizue, kronika serioez gain, argazkiak, sailkapena, egutegia, eta olinpiadei buruzko edozein albiste
olinpiadetako webgune berezian aurkituko dituzuela, eta posta elektronikoz jasotzen direnentzako tokia badagoela.
Hasi dira olinpiadak eta itzuli dira kronika serioak. Onenak irabazi dezala, eta gainontzekoak poztu daitezela.