'Amapola morea' Antxeta eta Oiartzun irratien elkarlanaren ondorioz sortutako irratsaioa da. Emakumeen elkarrizketak dira. Atzo jaso zuen Argia Saria.
Irudikoak saritu guztiak dira. Goian, eskubitik hasita, Aitziber Zapirain eta Mirari Martiarena. Argazkia: Dani Blanco / Argia
Atzo eman zituzten Argia Sariak Usurbilgo Atxega Jauregia jatetxean. Euskarazko hedabideen artean, kazetaritzan, erreferentziazkoak dira
Argia aldizkariak ematen dituen errekonozimendu sariak. Bada, irratsaioen atalean, Oarso Bidasoko elkarlan eder batek jaso zuen saria:
Antxeta Irratiak eta
Oiartzun Irratiak ekoizten duten
Amapola morea saioari eman zioten, “Euskal Herriko emakumeak lehen lerrora ekartzeko ahaleginagatik”. Emakumeekin egiten den elkarrizketa saioa da
Amapola morea.
Bi hedabideen izenean Aitziber Zapirainek (Antxeta) eta Mirari Martiarenak (Oiartzun) jaso zuten saria. Behin aitortza euskarria eskuan, esker on hitzak izan zituzten bai Argiarentzat zein bio irratiak aurrera egiteko indarra ematen dieten komunitateei.
Honakoak, beste ataletan nork eta zergatik jaso zituzten sariak:
-Prentsa idatzia: Ane Irazabal; gerratik ihesi, Europara iritsi nahi duten errefuxiatuen egoera bistaratzeko egindako lanarengatik.
-Ikus-entzunezkoak: EHZk ekoitzi eta Kanaldudek babestutako
Busti saioa. Gazteen errealitatea “freskotasunez blai eta bustitzeko beldurrik gabe erakusteagatik”.
-Internet: Game Erauntsia bideo jokoen euskal komunitateari, sektore globalizatuan “euskarak lekua izan dezan egindako lanagatik”.
-Sustapen Ekintza: Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako iniziatiba, “euskaraz bizitzeko estrategiak bultzatu eta herriz herri hedatzen ari den estilo bat sortzeagatik”.
-Merezimenduzko saria Imanol Urbieta, “haur kantugintzan eta hezkuntzan egindako lanarengatik”.