Oinaurre eremuko parkeak segurtasun neurri bereziak dauzka. Mugikortasun arazoak dauzkaten haurrentzako prestatua dago. 320 metro koadrokoa da.
Honako itxura du Oinaurreko jolas parkeak.
Oinaurre eremua berria da. Apurka ari da bertako bizitza pizten. Horren seinale, egin berri duten parkea. 320 metro koadrotan egin dute jolas eremua, baina badu hiriko besteekin alderik: mugikortasun arazoak dituzten haurrentzat ere diseinatua dago.
Bestalde, parke berriek izan ohi dituzten elementuak ditu: koloretsua da, segurtasuna bermatuta dago, eta bizikletak uzteko eremua du, eta LED argiek argiztatuko dute. Inguruan adinekoek ariketa fisikoa egiteko gailuak jarriko dituzte aurrerago, baita mahaiak nahiz ping-pong mahaia ere. Obra osoak 235.000 euroko aurrekontua izan du.
Gaur goizean egin dute bertara bisita Jose Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda Bide Publiko eta Lan ordezkariak. Zabaldutzat eman dute parkea, nahiz eta udal ordezkariek zehaztu oraindik elementu txiki batzuk falta direla lana guztiz bukatzeko. “Zonalde honetan aldaketa garrantzitsuak egin dira, lehen bizilagunak hasi dira bizitzen, negozioak zabaltzen hasi dira. Parke honek Oinaurreri bizitza ematen lagunduko du”, esan du Santanok.