Kirolprobak plataformak horren barruan iaz egin ziren probetan onenak izan zirenei sariak eman dizkie. Oarso Bidasoko korrikalari asko sarituen artean.
Saria jaso zutenak, talde argazkian.
Asteazken arratsean, Donostiako Aquariumean,
Kirolprobak plataformak 2016 urtean haiek partaide izan diren probetan hoberen ibili diren korrikalariei sariak eman zizkien, krosetan eta mendian. Gainera, plataforma horren barruan izan diren probarik onenari ere saria eman zioten. Sari asko iritsi ziren Oarso Bidasora.
Horrela, krosetan 44 proba izan dira Kirolprobak-en VII. Ligaren barruan, 2016koan. Horietan puntu gehien bildu dituen emakumea, Maila Absolutuan, Ana Cruz pasaitarra izan da. Sailkapen horretan bigarrena Arantxa Atxukarro (Berastegi) izan zen, eta hirugarrena Edurne Jauregi pasaitarra hura ere. Cruz eta Jauregi Ogi Berri Azkuene taldekoak dira. Emakumeen Beteranoen Lehen Mailan, berriz, Angela Gonzalez irundarra izan zen irabazle.
Gizonetan, Maila Absolutuan, Raul Gomez Margallo lasartearra izan zen 2016ko probetan puntu gehien pilatu zituena. Jarraian Victor Madejon irundarra sailkatu zen, eta hirugarren Iñigo Tumas hondarribiarra izan zen.
Gainera, ligako lasterketetan gehien parte hartu dutenei ere sariak eman zizkieten. Honakoei: Mertxe Casas (Orereta), Ana Ruiperez (Irun), Luis Miguel Galindo, Mitxel Cuadrado eta Emiliano Martin.
Krosen atalean, lasterketarik onenari saria ere eman zioten: Bidasoa Atletismo Taldeak antolatu zuen XVIII. Txingudi Korrika lasterketari eman zioten sari hori.
Mendian
Menditik ere iritsi ziren sariak. Kasu honetan Hondarribira. Horrela, Joxe Amunarriz mendiko lasterkari hondarribiarra 2016an Kirolprobak-en barruan izan ziren mendiko 33 lasterketetan onena izan da, Aritz Egea urretxuarrarekin puntutan berdinduta.