Ostiral eta larunbat honetan bilduko ditu produktuak hiriko zenbat supermerkatuetan Tindufeko kanpalekuetan bizi diren sahararrentzat.
Ostiral eta larunbat honetan bilduko ditu Tadamum elkarteak Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu gunean bizi diren sahararrentzako elikagaiak, Sahararen Aldeko Euskal Karabana egitasmoaren barruan.
Tadamumek jakinarazi duenez, Tindufen bizi direnei ezinbestekoa zaie laguntza hori bizirauteko. Gainera, azken urteetan, krisiaren eraginez, nabarmen jaitsi da herrialdeen eskutik jasotzen duten laguntza.
Boluntarioak hiriko zenbat txokotan izango dira elikagaiak jasotzen: Alcampon, Alzarango BMn, San Migelgo BMn, Serapio Mujikako BMn, Mendibilgo Netton, Eroskin (Juan Arana), Pinudiko Eroski Centerren eta Super Amaran. Aste honetan zehar, Irungo hainbat ikastetxetan egiten ari dira kanpaina.
Uztea gomendatzen duten produktuak honakoak dira: azukrea, arroza, pasta, lekaleak, atuna, sardinak eta konpresak.
Ondoren, Irungo Gurutze Gorriak ikastetxeetan jasotako elikagaiak paketatuko ditu, San Vicente de Paul ikastetxeko DBH 4ko ikasleen laguntzaz.
Irungo Udalak arroz palet bat emango du, eta Irungo Alcampok azukre palet bat. Ondoren, jasotako produktuak kamioiek eramango dituzte Tindufera. Otsailean ateratzea espero dute.
Oporrak Bakean
Udara guztietan Tindufeko errefuxiatu gunean bizi diren haurrak Euskal Herrira ekartzen saiatzen da Tadamum, eta aurten ere hala egiteko asmoa du. Horrenbestez, 7-12 urteko haur batekin bi hilabete pasatu nahi dutenak izena ematera animatu dituzte. 666 50 13 50 telefono zenbakian egin dezakete edo
email bat bidalita.
Tadamumek gogorarazi du haur horiek baldintza oso gogorretan bizi direla kanpalekuetan, eta elikagai gabeziaz gain, azterketa medikuak ez dituztela izaten. “Horrez gain, beste kultura bat ezagutzeaz gain, seme-alabei balioak transmititzeko aukera izango dute gurasoek: elkartasuna, tolerantzia, errespetua, bizikidetza…”, gaineratu du elkarteak.
Sahararrak Tindufeko errefuxiatuen gunean.