Datorren larunbatean Vasconiaren kontra jokatuko dute etxean. Garaipena behar du taldeak arnasa hartu eta sailkapeneko beheko aldea estutzeko.
Asko korapilatu zaio denboraldia Hondarribia FEri. Argazkia Ordiziaren kontrako partidakoa da
Asteburuan Oiartzunen 1-0 galdu eta gero, beste atzera pausu bat eman du Ohorezko Mailan ari den Hondarribia futbol taldeak. Egia da porrota kanpoan izan dela, eta hondarribiarrek gol bakarragatik galdu dutela, baina hainbestekoa da berdeek duten puntu beharra ezen partida bat esku hutsik bukatzeak zuloan gehiago erortzea ekartzen baituela. Urriaren 9tik ez dute irabazi, azken hamahiru jardunaldietan bost berdinketa eta zortzi porrot.
Sailkapenean atzetik Martutene bakarrik dago. Donostiarrek berriro galdu dute eta mirari batek baino ez ditu salbatuko. Hondarribia FE-ren aurkariak beste batzuk dira, batez ere Beti Gazte, Ostadar eta Aloña Mendi. Hiruretatik Ostadarrek bakarrik puntuatu du asteburuan. Zarautzen irabazita postu bat gora egin dute sailkapenean.
Multzoa Martutenek ixten du, 8 punturekin; Hondarribiak 13 ditu, Beti Gaztek 15, Ostadarrek 17, Aloña Mendik 18, Elgoibarrek 20 eta Vasconiak 22. Hortik gorakoek ez dirudi arazorik izan dezaketenik (
ikusi sailkapena).
Vasconia da hain zuzen ere Hondarribiaren hurrengo aurkaria. Une honetan urruti dagoela dirudi, baina Hondartzan etxekoek irabaziko balute, arnasa hartzeko aukera izango lukete eta sailkapeneko beheko aldea estutzeko balioko luke. Zulotik atera nahi badu, sailkapeneko erdialdetik behera dauden taldeen kontra garaipenak behar ditu taldeak. Batetik, puntuak behar dituelako, eta bestetik, mailari eusteko borrokara ahalik eta talde gehien batzea komeni zaiolako.