Alzukaitz inguruan jada 250 etxebizitza eraiki dituzte. Beste 36 bidean dira, eta 38 gehiagorako lizentzia badago: hori guztia beste 40rekin osatuko da.
Biribilaren barruko eremuan egingo dituzte etxebizitza berriak.
Alzukaitz eremuaren hiri garapena itxura hartzen ari da apurka. Bertan jada 250 etxebizitza berri eraikita daude, beste 36 eraikitzen dabiltza, 38 gehiagorako lizentzia badago, eta aurreikusia dago beste 40 egitea (bi bloketan). Hortaz, Palmera-Montero gizarte zentroaren inguruan dagoen saila ia erabat hiritartua geldituko da 114 etxebizitza berri horiekin. Irun erdi-ekialdeko zonalde horrek duen “hondatze eta degradazio itxura” hautsiko da beraz, Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariak esan duenez.
Behin lan horiek guztiak egiten direnean Irunek beste eremu bat irabaziko duela ziur da udala. Hau da, Palmera-Montero eremu horren erdigune izanda, etxebizitzek bertan zeuden orube hutsak beteko dituzte, eta eraikin horien inguruan egin beharreko lanek osatuko dute hirigintza plangintza: Artiako ubidea berreskuratzea, Alzukaitz eta Palmera-Montero elkarlotzea, eta Juan Vollmer plazako hego fatxada mugatzea.
Eraikitzen ari diren, eta eraikiko diren etxebizitza blokeak ez dira altuak, gehien jota lau solairukoak dira. Horrela, Palmera-Monteroren inguruan dauden eraikinen ezaugarriak errespetatzen dituzte, era uniformekoak izango dira denak, zentroaren antzerako altuerarekin gainera.
Hirigintza operazio guztia lur azpiko 574 aparkalekurekin osatuko da, 1,57 etxebizitzako (inguru horretan eraiki diren, edo eraikitzeko diren etxebizitzen kopurua orotara 364koa da.