Ostegunean hasita, lanuzteak egingo dituzte Euskotreneko Amara eta Arasoko egoitzetako makinistek.
Ostegunetik, otsailaren 25a bitarte egingo dituzte lanuzteak Euskotreneko langileek.
Ostegunean hasita, lanuzteak egingo dituzte Euskotreneko Amara eta Arasoko egoitzetako makinistek. Greban jarraitzen dutela esan dute, eta lanuzte horiek otsailaren 25a arte mantenduko dituzte ohar batean jakinarazi dutenez. Lanuzteak, Amara eta Arasoko lan egoitzetako kaltetutako Langileen Batzordeak proposatu eta onartu dituela esanda, grebarekin tren agente finkoen kopurua handitzea, Arasoko langileek zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera izan dezaten neurriak hartzea, eta zuzendaritzak jarritako salaketa bertan behera uztea lortzea.
San Sebastian Egunaren bezperan egingo dute lehen lanuztea eta eragina izango du zalantzarik gabe. 19:00etatik gauerdira arte etengo dute zerbitzua. San Sebastian egunean bertan, 24 orduko lanuztea egingo dute.
Euskotreneko Zuzendaritzak ezarritako frekuentzia berriei erantzuteko jarri zuen lanpostu finkoen ugaritzea ez dela nahikoa joan den urteko irailaren 12a aurretik tren agenteen kolektiboak zituen lan baldintzei eta jardueraren garapenari eusteko esan dute batetik. Joan den urteko irailaren 12an sartu ziren indarrean Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia lineako frekuentzia berriak, frekuentzia horiei dagozkien zerbitzu koadroak, eta Arasoko lan egoitza berria.
Langileen Batzordeak eskatutako garraio plana ez duela onartu Zuzendaritzak diote, bestetik: “Lan egoitza Arasora aldatzearekin kaltetutako langileentzat eskatzen dugu garraio plan hori. Euskal Herriko garraio enpresa handienak ez ditu ezta bi tren ere jarri nahi goizeko lehen txandetako lantokira joan ahal izateko eta arratsaldeko azkenetakoak etxera itzuli ahal izateko”. In itinere gertatzen diren istripuak gutxitzea bilatzen duela horren bidez esan du kaltetutako langileen batzordeak.
Negoziazioetan “jarrera inmobilista” izatea eta zerbitzu koadroa inposatzea ere leporatu dio zuzendaritzari, “geroztik gainera, entzungor egin die negoziazioak berriz ere hasteko eskaerei. Greba Batzordea osatzen zuten langileak, sindikatuak eta batzorde iraunkorra auzitegietara eraman ditu gainera inoiz egin ez ziren lanuzteengatik, bertan behera utzi ziren eta”.
Langileen eskaera guztiak atzera botatzeko aurrekontuen murrizketa argudiatu du zuzendaritzak langileen batzordearen esanetan, “azken hilabeteetan ordea, arduradun berriak izendatu dituzte, baita politiko ohiren bat tartean, edota erdi mailako arduradunei soladata igo diete. Aurrekontu murrizketek ez dira horietan oztopo izan”.
Erabiltzaileei dei egin diete azkenik, “uste baduzue gure eskaerak bidezkoak direla, eta gure mobilizazioek kalte egiten badizuete, zuen eskubideen alde erreklamazioa egin. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren erreklamazio orri bat eskatu dezakezue geltokietan”.
Lanuzteak
- Hilaren 19an, 19:00etatik 00:00etara.
- Hilaren 20an, 24 orduko lanuztea.
- Hilaren 24an eta 26an, eta otsailaren 13an, 15ean eta 17an, 06:25etik 08:35era eta 17:25etik 19:35era.
- Hilaren 28an eta otsailaren 11n, 11:55etik 16:05era.
- Hilaren 30ean, eta otsailaren 1ean, 3an, 21ean eta 23an, 06:55etik 09:05era eta 17:55etik 20:05era.
- Otsailaren 7an, 9an eta 27an, 07:25etik 09:35era eta 18:25etik 20:35era.
- Otsailaren 25ean, 16:00etatik 22:00etara.