Errege-opil erraldoi bat egingo dute, 12 metro luze eta 6 zabalekoa. Zabaltza plazan, goizez eta doan, emango dituzte zatiak.
Honen antzeko opila egingo dute ostegunean Zabaltza plazan.
12 metro luzeko, eta 6 metro zabaleko errege-opil erraldoia egingo dute ostegun goizean Irunen, Zabaltza plazan. Hortik 2.000 errazio aterako dituzte, eta horiek denak doan emango dizkiete hala nahi dutenei. 11:30etik 13:30era emango dituzte opil zatiak, udalak zehaztu duenez, zati bat pertsonako.
Errege-opila egiteko 300 kilo ore erabiliko dituzte, eta fruta puskak jarriko dituzte hori apaintzeko. Ez dago zehaztuta, ordea, opilaren barruan figuratxo edo bestelakorik egongo ote den, eta hori egokitzen zaionak gozoa ordaindu beharko duen ala ez.
Udalak Gabonetarako antolatutako jardueren barruan dago errege-opilarena. Baina badira gehiago. Izan ere, aurtengo beste berritasunetako bat izan da San Juan plazan hainbat egunetan jarri duten globo aeroestatikoa: horrek azken bidaiak asteazken honetan (bihar) egingo ditu, goizez (11:30-13:30). Bost minutuko hegaldiak egin ditzakete bertan hala nahi dutenek, 20 metrora igoz, gehien jota bost pertsonako taldeetan.
Asteazken arratsaldean Eguberrietako jardueretako bat egingo dute azkenekoz: hainbat gunetan jarri duten argi-bola erraldoia San Juan plazan egongo da, 17:00etatik 20:00etara. Bidashop-en photocall-a, berriz, asteazkenean ere jarriko dute azken aldiz, San Migel plazan, 16:30etik 19:00etara.