Greziako errefuxiatuen hiru kanpalekutan izan da bi hilabetez boluntario gisa Labaien. Bertako egoera oso gogorra dela salatu du, eta behin betiko irtenbidea eskatu du errefuxiatuentzat.
Ibai Labaien
Greziako errefuxiatuen kanpalekutatik iritsi berria zara, bertan bi hilabete eginda. Donostiako Udalak emandako bi auto eramatera joan zarete Katsikas-Hondarribia Boluntario Taldeko hiru kide. Zein esperientzia izan duzu?
Hiru kanpalekutan izan naiz. Filippiadan hilabetez izan naiz, hilabete erdia Katsikasen, eta beste hainbeste Kiosen. Bertan ginela arazo burokratikoak izan genituen. Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean aritu gara.
Donostiako Udalak emandako bi Seat Marbella eramatera joan gara bertara. Lehena nik eraman nuen eta bidaia oso ondo egin nuen. Bigarren autoa Marina Cabezonek eta Imanol Garmendiak eraman zuten; arazo mekaniko bat izan zuten autoarekin, baina konponduta, arazorik gabe heldu ziren. Autoak zaharrak dira, baina gogorrak.
Zertarako erabiliko dituzte bi autoak bertan?
Kanpaleku bakoitzean lanak ezberdinak dira, baita beharrak ere. Horren arabera, erabilera ezberdina emango diete. Filippiadan erabiltzen genuen denetarako, baina batez ere errefuxiatuei mugitzen laguntzeko herritik oso urrun daudelako. Kasu batzuetan ospitalera joan behar zuten, edo mediku kontsultetara… Horretarako erabiltzen genituen. Boluntarioak batetik bestera ibiltzeko ere erabiltzen dira. Filippiadan askotan erabili dugu autoa ni han izan naizen tartean.
Zergatik sortu zenuten Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea?
Ondorioa da. Hondarribian esperientzia izan zen aurretik, bi kamioi eraman zituzten arropaz beteta Emekiren iniziatibaz, eta hara joan ziren boluntarioek aurkitu zuten egoera ikusita erabaki zuten jarraitu behar zutela lanean. Horrek elkarte gisa antolatzea ekarri zuen. Zaila da gauzak programatzea, zazpi hilabetean kanpaleku baten egoera goitik behera aldatzen da. Emekikoak izan zirenean 1.500 pertsona zeuden Katsikasen, eta ni egon naizenean 200 errefuxiatu zeuden. Gure helburua da beharra dagoen kanpamenduetan beste gobernuz kanpoko erakundeen bidez erantzutea, laguntza helaraztea.
Zein egoera aurkitu duzu izan zaren hiru kanpaleku horietan?
Lehen aldia zen bertara joaten nintzela. Filippiadetako kanpamenduan euria egiten zuen heldu nintzenean, errefuxiatuei ura sartzen zitzaien dendetan eta oinutsik ibiltzen ziren, haurrak bustita… Panorama mingarria duzu aurrez aurre. Haizeteak bat-batean dendak hondatu eta familiek militarren lokal zaharra okupatu zuten babestuta egon ahal izateko. Edo bat-batean, 70 errefuxiatu azaltzen zaizkizu gau batean. Haurrak negarrez, emakumeak lur jota. Ordubete lehenago abisatzen dizute helduko direla, hotz izugarria egiten du eta dena prestatu behar duzu. Edozein gauza oso gogorra egiten zaizu egoera larria delako benetan.
Handik uharteetako kanpalekuetara mugituta, egoera are gogorragoa dela ikusi nuen, okerrago daudela. Handik aterata, berriz, lur jota iristen zara etxera. Lurrean lotan utzi behar dituzu errefuxiatuak, lurra hezea dago euria egin duelako, karpa baten barruan daude, baina azpitik ura pasatzen da… Oso gogorra da, ez dituzulako utzi zuk nahiko zenukeen moduan, erdizka uzten dituzulako. Gero heltzen zara beste leku batzuetara eta oraindik okerrago aurkitzen dituzu.
Hiruen artetik zein izan da kanpamendurik gogorrena?
Kios uharteko Souda kanpalekua. Zaporeak elkarteko kideak han ari dira lanean, eta duela gutxi faxistek erasotu zuten.
Filippiada kanpalekuan, berriz, lagunak egin nituen errefuxiatuen artean, eta egoerak beste modu batean sufritzen dituzu lagun bat edo bere familia egoera txarrean ikusten duzunean. Halere, dena da gogorra bertan, mila egoera gogor daude. Atenaseko beste kanpaleku batean bisitan izan nintzen, eta aurreko egunean bonbardaketa batean familia galdu zuen emakumea ezagutu nuen.
Bi hilabete egin dituzu bertan, eta bueltatu zara Hondarribira. Itzultzeko asmorik baduzu?
Gustatuko litzaidake. Eszedentzia bat hartu nuen eta orain ezin dut beste bat hartu. Halere, Turkiak egindako mehatxua betetzen badu, mugak irekitzearena, bai planteatuko nuke itzultzea. Han lanean dagoen jende guztiaren kezka da zer gertatuko ote den Turkiak mugak zabaltzen baditu. Hiru milioitik gora errefuxiatu daude zain pasatzeko. Milioi erdia pasatu da, eta Europa kolapsatuta dago… Halako egoera batean gustatuko litzaidake joatea berriz ere.
Labaien, Marina Cabezon eta Imanol Garmendiarekin, Katsikasen
Zer egin beharko lukete erakundeek errefuxiatuen krisiari irtenbide bat emateko?
Nik uste dut kontua ez dela kanpin denden ordez bungalow-ak jartzea errefuxiatuei, kontua da atera behar dituztela kanpalekuetatik berehala. Bizitza izoztuta dute bertan, gelditu egin zaie, bizitza urteak galtzen ari dira. Haurrek ez dute eskolarik, eta baldin badute ez da ezer arautua eta jarraia, agian boluntario bat joaten da eta hamabost egunez izaten dira eskolan. Milioika pertsonen bizitzak zakarrontzira botatzen ari dira, eta irtenbidea eman behar zaio lehenbailehen. Erakundeetatik errefuxiatuei pasaporteak eman behar dizkiete, eta mugak zabaldu, beldurrak alde batera utzita.
Zein instituziori dagokion hori? Suposatzen dut gobernu zentralei dagokiela. Hemengo instituzioak, udalak-eta prest azaldu dira errefuxiatuak hartzeko. Garrantzitsuena hangoa da, baina irtenbidea eman behar zaio behin betiko.
Beldurrak alde batera utzi behar direla esan duzu. Herritarren artean bada beldurrik?
Ez. Nik ez dut halakorik nabaritu, gehiago komunikabideen kontu bat iruditzen zait. Bateren batek agian izan dezake. Nire esperientzia da ezagututako jende guztia sekulakoa dela, jende oso jatorra, atsegina, gerratik ihesi doana, gu bezalakoak dira. Erakusten dizkizute bere sakelako telefonoko argazkiak lanean ateratakoak, eta bat soldatzailea da, bestea arotza, gutako edozein aurki daiteke egoera berean. Hara joan garen guztiak sentitu gara oso seguru, eta errefuxiatuak, nik ezagututakoak, oso jatorrak dira denak. Jendearen aldetik nik hemen ez dut beldurrik ikusten.
Autoak eramatera joan zara eta bi hilabete egin dituzu kanpaleku ezberdinetan. Zein lan egin dituzu bertan, nola lagundu duzu?
Denetik egin dut, behar denaren arabera, bertara joandako guztiek bezala. Biltegia ordenatu, paretak margotu, apalak egin, kanpin dendak konpondu, errefuxiatuak hara eta hona eraman, bideak konpondu, arropa banatu, elikagaiak sailkatu eta janaria banatu… Denetik egin dut.
Kioseko kanpalekuan tokatu zitzaigun autoak arropaz beteta izatea, lekuren batera errefuxiatuak heltzen baziren bertara joan eta arropa lehorra eta janaria eramateko, behin helduta poliziak errefuxiatuak autobusean sartu eta eraman zituelako. Ez zitzaigun halako egoerarik sortu. Zaporeak-ekoekin ere izan gara lau bat egunez lanean, eta itsasoko guardiak ere egin ditugu, errefuxiatuak heltzen baziren lehen harrera egiteko.
Gure kasuan behintzat denetarako prest joan ginen, laguntzera.
Atentzioa eman dit harremana izan dugun gobernuz kanpoko erakunde guztietako boluntarioek errefuxiatuez izen eta abizenekin hitz egiten zutela, guk ere hala egin dugu. Pertsona gisa tratatu. Izugarri baloratu dut errefuxiatuekin zein hurbiltasuna izan dugun, eta beraiek ere gurekin zein jarrera izan duten.
Arazorik bada militarrekin, poliziekin, kanpaleku horiek kontrolatzen dituztenekin?
Guk ez dugu izan pertsonalki arazorik. Denean bezala, leku batzuetan atseginagoak dira besteetan baino. Kontinentean izandako lekuetan lasaiagoak zirela esango nuke, eta uharteetan lehorragoak. Hala ere, ez dugu arazorik izan, beste batzuk izan badituzte ere. Egia da zenbaitek ez dutela lana errazten.
Zenbat jende ari zarete Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldean?
Bederatzi bat lagun ari gara. Egia esan, elkarte gisa ni kanpalekuetan nintzela antolatu da, eta iritsi berria naizenez, ez dakit oraintxe zenbat garen, baina buelta horretan gabiltza.
Errefuxiatuen artean sailkapena egiten dute.
Bai hala da. Gerra errefuxiatuak eta errefuxiatu ekonomikoak bereizten dituzte, eta lehenengo taldean soilik siriarrak eta Irakeko eremu jakin batetik heldu direnak sartzen dituzte. Afganiarrak ez dituzte onartzen gerra errefuxiatu gisa. Edo kanporatzen dituzte, edo paperak lortzeko prozesuan atzean gelditzen dira beti. Ezagutzen dituzun familiak oso egoera gogorretatik datoz ihesi, eta ez zaie aitortzen gerra errefuxiatu izatea. Horrek zaildu egiten du prozesua.
Jendea animatu nahiko nuke, errefuxiatu kanpalekuetan beti dago zeregina eta beharra ere. Bertan izan garen guztiok bizi dugun esperientzia izugarria izan da, positiboa. Guk ez daukagu proiektu jarraia bertan, baina edozein talderekin harremanetan jartzea nahikoa da. Agian garrantzitsua da zein lan mota egin nahi den argi izatea, eta horren arabera aukeratzea gobernuz kanpoko erakundea horretan laguntzeko. Gure esperientziatik aholkatzeko prest gaude eskatzen digunari.
Beste proiektu bat dute, eta herri osoa inplikatu nahi dute
Iaz Emeki elkarteak abiatutako arropa bilketaren ondoren, arropa hori errefuxiatuen artean banatzen zela bermatzera joandako boluntarioek sortu zuten Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea. Baina dagoeneko taldea handitu da, besteak beste, Donostiako Udalak dohaintzan emandako autoak eramatera joandako hiru hondarribiarrekin.
Hamar lagun inguru daude orain taldean, baina 2017ko lehen hiruhilekorako prestatzen ari diren proiekturako askoz gehiagoren laguntza beharko dute. Urtarrilean ezagutaraziko dute asmo hori, baina dagoeneko aurreratu dute herri osoa inplikatu nahi dutela, eta komertzioz komertzio eta tabernaz taberna hasi direla laguntza eskatzen. «Orain arteko erantzuna izugarria izan da», adierazi dute, «inork ez digu ezetzik eman».
Grezian diharduten erakundeekin koordinatuta egiten dituzten bidalketekin jarraitzeko asmoa dute, baina hurrengo proiektu horren helburua desberdina da: «Ahalik eta diru gehien bildu nahiko genuke, Grezian abian diren proiektuak laguntzeko, hau da, errefuxiatuen baldintzak hobetu bai, baina greziarrei ere laguntzeko, han erosiz».