Ireki dute Hondarribiko XXII. Euskal Liburu eta Disko Azoka, Arrantzale Auzoan. Anjel Lertxundik iazko Hondarribia Saria jaso du.

Anjel Lertxundi izan zen iazko egile salduena, ‘Zu’ liburuarekin
Ireki dute dagoeneko Hondarribiko XXII. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Igandera arte aurtengo nobedadeak ikusi, ukitu eta erosteko aukera izango da Arrantzale Auzoan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak eta Txomin Sagarzazu alkateak aurkeztu dute eguerdian azoka, udaletxean.
Aurkezpena, iazko idazle salduena izateagatik Anjel Lertxundiri
Hondarribia Saria emateko baliatu dute.
Zu nobela idatzi zuen iaz Lertxundik eta alkateak, saria ematerakoan, zoriondu du oriotarra, “irakurri dugunoi idazlearen sentimendua izan ez, baina bai hurbiltzeko aukera” ematen zuen liburu hunkigarria idatzi izanagatik. Eskertua azaldu da Lertxundi, “harrizko herrian harrizko saria jasotzeagatik”.
Lau egunez izango da Euskal Liburu eta Disko Azoka bisitatzeko aukera. Alkateak onartu du Hondarribikoak “bere tamaina duela”, ezin dela Durangokoarekin alderatu, baina “Arrantzale Auzoa leku egokia” dela azokarako, “liburuak erosteko, eta eskuetan hartzeko ere leku egokia”. Portuan egonik, taberna eta pintxo giroarekin tartekatu daitekeela gaineratu du.
Muniategik bat egin du Sagarzazuk esandakoarekin eta herritarrei deia luzatu die, “azokara hurbildu eta paseatzeko, ukitzeko, usaintzeko, eta erosteko”, eta liburuak zein diskoak “Hondarribiako azokan % 10 merkeago” izaten direla jakinarazi du. Antolatzaileak nabarmendu duenez, azokaren asmoa irakurzaletasuna zabaltzea da, “ez ditu epe laburreko emaitzak bilatzen”, eta zentzu horretan erantsi du herrian badirela liburu dendak. Hori bai, garaian gaudenez, “oparitzeko ere erosi” beharko genukeela esan du Muniategik.
Arretxe eta Etxaniz Rojo, sinatzen
Iaz Anjel Lertxundi izan zen Hondarribiko azokan gehien saldu zuen egilea. Ikusteko dago hurrengo urtean zeinek jasoko duen Erreginaren baluartea, baina Jon Arretxe eta Xabier Etxaniz Rojo hor tartean izango dira.
Sator lokatzak aurkeztu du aurten Arretxek, eta
Waterloo-n galdutakoak pasaitarrak. Biak liburuak sinatzera hurbilduko dira larunbatean. Gaurko aurkezpenean ez dute ordua zehaztu, baina “eguerdi partean” izango dela aurreratu dute.