Hondarribiko San Jose ikastetxeak eskerrona adierazi die Euskararen Astean parte hartu zutenei. Euskararen erabileraren aldeko konpromisoa berretsi dute.
Ipuin kontaketa saioa, San Jose ikastetxeko Euskararen Astearen barruan
Hondarribiko San Jose ikastetxeak egitarau potoloa antolatu zuen Euskararen Egunaren harira,
aste oso bat, azaroaren 28tik hasita. Egun horretan
Euskaraz bizi nahi dut leloa zintzilikatu zuten ikastetxeko balkoian eta lelo hori presente egon zen astean zehar antolatutako ekintza guztietan: kirol jarduerak, haurrentzako tailer eta jokoak, ginkana, ipuin kontaketa, bertsolaritza, hitzaldiak, zineforumak, musika, mintzodromoa… askotariko ekitaldiak burutu zituzten.
Ekintza parte hartzaileen artean, esku pilota txapelketa nabarmendu du ikastetxeak. “ikusgarria izan da klaseak hasi baino lehen edo eguerdiko jolas garaietan gure gazteak halako gogoz entrenatzen ikustea”.
Tailer eta hitzaldiek hartu dute aurtengo San Joseko Euskararen Asteko zati handi bat. Horietako bat Mugaritz jatetxean lanean diharduen Leire Etxaide hondarribiarrarena izan zen, DBHko ikasleei zuzenduta. “Zalantzarik gabe, sukaldaritza berezi horren baitan, Leirek gure ikasleek ikusteko, usaintzeko eta dastatzeko ekarritako plateren unea izan zen bereziena”, erantsi dute.
Ostiraleko karaokea ere arrakastatsua izan zen; aste osoan zehar aritu ziren entseatzen:
Ilargia,
Gogoak,
Zarena zarelako,
Ez gaitu inork geldituko,
Guk euskaraz, zuk zergatik ez? eta beste zenbait doinu kantatu zituzten astea amaitzeko: “Euren jantzi, apainketa eta koreografiaz hornitu zituzten ikasleek euskal doinuak, ilusio biziz, astean zehar kantuak prestatzen emandako orduen emaitza erakutsi nahian. Adinak adin, txiki nahiz handi izan genituen parte hartzaile, giro bikaina sortuz, eta txiki-txikienek ere euren karaoke saioa eginez gozatu zuten”.
Ostiralean euskaraokea egin zuten, aste osoan entseatu eta gero
Eguneroko lana
Antolatzaileek balantze oso ona egin dute eta parte hartu eta lagundu duten guztiei eskerrona adierazi diete: “Eskerrak eman nahi dizkiegu bertan modu batean zein bestean parte hartu duten guztiei: ikasle, guraso, irakasle eta hezkuntza komunitate osoari. Eta nola ez, gurera bisitan etorri diren eta gure aste honetako egitaraua osatzen bidelagun izan ditugun guztiei”.
Nolanahi ere, euskararen normalizazioari begira egunero lan handia egin behar dela onartu dute, Euskararen Astea antolatu beharrik ez izan arte: “Hor dugu gure erronka, eta hori lortu ahala, gure ikastetxeko leloa ez da
Euskaraz bizi nahi dut izango,
Euskaraz bizi naiz baizik”.