Irabazita zuen partida galdu du Il Capo Hondarribiak
Azken hamar minutuan ezin izan du aurkariaren atea zulatu eta lau goleko errenta galdu du.
Il Capo Hondarribia Eskubaloia taldeak azken uneko porrota jaso zuen atzo eguerdian Hondartza kiroldegian. Sailkapeneko azken tokian zegoen Urdanetaren kontra galdu zuten, 23-24. Hondarribiarrek ez zuten baliatu hamar minuturen faltan zuten lau goleko errenta.
Partida bukatzeko hamabost minutu falta zirenean markagailuak 19nako berdinketa adierazten zuen. Aurkarien jokalari baten esklusioa aprobetxatuta etxekoek lau goleko errenta lortu zuten (23-19), eta lehia erabakita zegoela zirudien. Baina hondarribiarrak hor geratu ziren, azken hamar minutuetan aurkarien atea zulatu gabe, eta Loiuko taldeak pixkanaka-pixkanaka aldea murrizten joan zen, markagailua iraultzeraino.
Txorierrikoak kexu azaldu ziren epaileen lanarekin. Bi minutuko hamar kanporatze ezarri zizkieten —Hondarriari zazpi—, eta entrenatzaile bizkaitarrak harmailetatik ikusi zuen partidaren amaiera. Nolanahi ere, partida irabazi zuen Urdanetak, eta sailkapeneko azken postua utzi du.
Bost porrot jarraian
Bolada txarrean sartuta dago Hondarribia Eskubaloia. Azken bost partidak galdu ditu, horietatik lau gol bakarragatik. Iaz baino jokalari gehiago ditu taldeak baina hutsuneek kalte handia egiten diote, batez ere postu jakin batzuetan.
Hurrengo partida aurkari zuzen baten kontra izango dute Javi de la Hazaren mutilek. Escolapiosen kontra jokatuko dute, Bilbon. Escolapiosek 9 puntu ditu, Il Capo Hondarribiak baino bat gutxiago. Lehen itzuliko eta 2016ko azken partida izango da, eta Gabonak garaipen batekin ospatu nahiko dituzte hondarribiarrek.

