Judoka kadeteak hirugarren domina du hiru probetan eta Espainiako rankinean bigarren jarri da.

Hondarribiarrak Iruñean. Erdian Goikoetxea, domina lortuta
Aitor Goikoetxea judoka hondarribiarrak urrezko domina lortu du asteburuan Iruñean egin zuten Kadete Mailako Espainiako Kopan, -60 kiloetan. Ama Guadalupekoa Judo Taldeko ordezkariak bost garaipen lortu zituen beste horrenbeste borroketan. Hondarribiko klubak adierazi duenez, “Goikoetxeak judo bikaina egin du, tatami gainean adimen eta jarrera handia erakutsiz”. Aurten, hirugarren domina du Goikoetxeak Espainiako rankinerako balio duten txapelketan eta bigarren postuan dago.
Orotara, 450 judoka baino gehiagok hartu zuten parte txapelketan; parte hartze handiena mutilen -60 kiloetan izan zen, hain zuzen ere, Goikoetxeak irabazi zuen pisuan.
Gainontzeko hondarribiarrei dagokienez, Jon Pascual bosgarren geratu zen (-81 kilo) eta Javier Estevas-Guilmain bederatzigarren (-60 kilo), Gorka Aranbarrik (-73) borroka bat irabazi zuen, eta Igor Cendon (-60) eta Jorge Fleta (-66 kilo) lehen errondan geratu ziren.