Domingo Barcenas Oroitaldiaren barruko partidak jokatuko ditu urtarrilaren 6tik 8ra, Argentina, Polonia eta Qatarreko selekziorekin batera.
Espainiako selekzioa iazko Domingo Barcenas oroitaldian, Irunen ere.
Aurten bezala, Domingo Barcenas Eskubaloi Oroitaldia Irunen egingo dute, urtarrilaren 6tik 8ra. Oroitaldi horren 16. ekitaldia da Artalekuk egun horietan jasoko duena. Bertan Espainiako, Argentinako, Poloniako eta Qatarreko selekzioek parte hartuko dute.
Espainiako Eskubaloi Federazioak hartu du urtarrileko txapelketa Irunen jokatzeko erabakia. Izan ere, aurtengo urtarrilean egin zen 15. Domingo Barcenas Oroitaldia arrakastaz egin zela iritzi diote. Hala, Irungo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta CD Bidasoaren ekimenez egingo dute selekzioen arteko lagun arteko lehia.
Horrela, dena ondo bidean, irundarrek Julen Aginagalde jokatzen ikusteko aukera izan dezakete.
Honakoak izango dira partidak, denak Artalekun:
Urtarrilak 6, ostirala
- 17:00etan Argentina-Qatar
- 19:00etan Espainia-Polonia
Urtarrilak 7, larunbata
- 16:00etan Qatar Polonia
- 18:00etan Espainia-Argentina
Urtarrilak 8, igandea
- 11:00etan Polonia-Argentina
- 13:00etan Espainia-Qatar
Datozen egunetan jakinaraziko dute nola eskura daitezkeen partidetarako sarrerak. Partida bakoitzerako txartelak, edo guztietarako abonuak jarriko dituzte salgai.