Ate irekien eguna egingo dute hilaren 12an Palmera-Montero gizarte zentroan. 13an, berriz, adinekoentzat jarduerak izango dira, eta 14an bi erakusketa zabalduko dituzte.
Gizarte zentroaren kanpoaldea
Udalak iragarri du noiz zabalduko duten Palmera-Montero gizarte zentroa: hilaren 12an izango da. Egun horretan hasiko dira lanean bertan egoitza izango duten talde eta elkarteak, eta hori baliatuz, ate irekien eguna egingo dute 11:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Hau da, irundar orok ikusi ahal izango du barrutik eta kanpotik zer nolako azpiegitura den Palmera-Montero.
12an zabaldu, eta lehen jarduerak 13an. Jose Antonio Santano alkateak zehaztu duenez, hilaren 13an adinekoentzako gunean jada egingo dituzte hainbat jarduera, eta 14an, berriz, eraikineko sarrerako espazioan bi erakusketa zabalduko dituzte: bat Txikito trenaren gainekoa, bestea hiriaren historiari buruzkoa. Bi erakusketak Irun udalerri bezala sortu zeneko 250. urteurrenaren barrukoak dira.
Palmera-Monteron orotara hiriko 11 elkarte eta eragilek izango dute egoitza. Eraikinean ere areto balioanitzak daude, eta horien erreserba egiteko sistema lantzen ari direla azaldu du alkateak.