Kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eredua eraldatu nahi dituzte Labore Txingudik eta Labore Oarsok.
Dendak zabalduko ditzute Lakaxitan eta Ihurritan 2017an.
Bertako eta kalitatezko produktuak eskainiko dituzte Labore Txingudik eta Labore Oarsok.
Txingudi badiako biztanleen kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eredua eraldatu nahi ditu Labore Txingudik. Bertako eta inguruko txokotako protagonistak, ekoizle, elaboratzaile eta kontsumitzaileak elkartu, eta horren harira, elikadura kontsumo kooperatiba epe laburrean errealitate bihurtzeko lanean ari dira talde eragilea osatzen duten bost kideak.
Dornaku Lantz da proiektuaren sustatzaileetako bat eta ilusio handiz ari dira lanean proiektua egi bihurtzeko. «Datorren urteko otsaila edo martxoan nahi dugu izan zabalik denda, beraz, martxa onean goaz», jakinarazi du.
Labore Txingudik Irun, Hondarribia eta Hendaiako bizilagunei eman nahi die zerbitzua: «Txingudin zentratu gara ulertzen dugulako gure lurralde naturala edo soziala hau dela. Ekoizpenean eta ekonomian hain zurruna izatea zaila da, eta uste dugu harago eragingo dugula, baina egitasmoa Txingudin zentratuko dugu».
Horren harira, Labore Oarso elkartearekin harremanetan daudela azaldu du. «Izen eta estetika bera dugu. Beraiekin bildu eta galdetu genien izena eta estetika hartzea genuen, eta baiezkoa erantzun ziguten. Izan ere, honakoa Irundik harago doan proiektua izatea nahi dugu. Helburua ez da solik denda bat zabaltzea, beste kontsumo eta produkzio eredu bat sustatzea baizik, eta proiektua zabaltze aldera interesgarria ikusi genuen Labore Oarsorekin saretzea», esan du.
Urtebetean, denda abian
Martxoan hasi zuten elikadura kontsumo kooperatibaren bidea. Irungo Hiritik At hirigintza soziala sustatzen duen elkarteak Bidasoa Bizirik-ek antolatutako agroekologia eta agrokooperatibismoaren gaineko ikastaroan parte hartu zuen Lantzek: «Bi horiek sustatzea eta elkarteak sortzea zuen helburu ikastaroak. Horren harira, Irungo kontsumo taldearen nondik norakoak zehaztu genituen. Lehenengo kontaktuak egiten hasi ginen Berako [Nafarroa] Bidazirekin, eta nahiko bideragarria ikusi genuen».
Une honetan bazkideak lortzeko kanpainan ari da buru-belarri Labore Txingudi, eta hurrengo urratsa jendea inplikatzea izango da, «bakoitzak nahi duen maila eta neurrian». Lehenengo urrats praktikoa egiten ari dira, beraz, eta dagoeneko 50 lagunek eskatu dute proiektuaren gaineko informazioa, eta bazkide izateko interesa azaldu dute. Horietatik hamabost bazkide dira jada.
Garrantzi berezia eman dio gai horri, bazkidetzari, Lantzek. Izan ere, Lakaxitan jarriko dute Labore Txingudi denda, lehenengo solairuan, eta hura egokitzeko lanak hasi behar dituzte hilabete honetan bertan: «Lan horiek egiteko dirua behar dugu. Jendeari materialki proiektua egon gabe horretan sinisteko eskatzen ari gara, lehenago inbertsio horiek egin behar ditugulako, eta horretarako gutxieneko bazkide kopuru bat behar dugulako».
Datorren urterako kuota zehaztu dute, eta bazkideek bost euro ordaindu beharko dituzte hilean. Lanak egin ahal izateko, kuota horiek bateratuta ordaintzeko eskatzen ari dira dagoeneko bazkide direnei. «60 euroak batera ordaintzeko eskatzen ari gara lanak egin eta denda 2017ko otsaila-martxoan martxan izateko», zehaztu dute.
Proiektua bideragarria izateko 100 bazkide behar ditu Labore Txingudik, eta espazioa kontuan hartuta, gehienez 200 lagunei erantzuteko aukera izango dute: «Hortik gorakoa bada bazkide kopurua, beste bide eta aukerak aztertu beharko ditugu».
Bertako ekonomia sustatu
Bertako ekonomia sustatzea, eta bertako produktu eta ekoizpenak kontsumitzea du helburu proiektuak. «Ulertzen dugu kontsumoa gure inguruan eragiteko tresna bat dela, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana naturalizatzea, hurbiltzea, jakitea zer jaten dugun. Hemengo produktuak konfiantza osoz eskaini ahal izango ditugu duten kalitateagatik, hemengoa kontsumitzea gustatzen zaigulako, eta bertako zein munduko ekonomia eta lurrak babestu nahi ditugulako», gaineratu du.
Kontsumo eredua eraldatu nahi duen proiektua ez da bakarrik ariko Lakaxitan. Espazioa partekatuko dute Labore Txingudik, Aldatsa eta Bare Alaia Irungo kontsumo taldeek, eta Hiritik At elkarteak: «Elkarrekin ariko gara Lakaxitan lau elkarteak, toki berean ekonomia sozial eta eraldatzailea lantzen, lautik hiru agroekologia esparrutik eta laugarrena hirigintza sozialetik. Elkarbizitza horrek sare gisa hobeto funtzionatzeko aukera emango digu, eta elkar indartzeko aukera ere izango dugu».
Produktu ez freskoa
Labore Txingudi berehala elkarte bihurtzea espero dute: «Beharrezko agiri guztiak bidali ditugu eta erantzunaren zain gaude, baina berehala iritsiko da». Proiektuei dagokienez, momentuz dendak bazkideei produktu ez freskoa eskainiko diela azaldu du Lantzek. «Lakaxitak ez digulako produktu fresko hori baldintza egokietan mantentzeko aukera ematen», adierazi du. Lekaleak, irinak, zerealak, kontserbak, eztia, azukrea, tea, kafea, gailetak… freskoak ez diren askotariko produktuak eskainiko ditu dendan Labore Txingudik. Barazkiei dagokienez, Aldatsa eta Bare Alaia kontsumo taldeak Lakaxitan izango direnez, bazkideak horretara bideratzeko aukera aurreikusi dute.
Proiektua zabala izango da. Denda izateaz gain, ekoizleak ezagutzeko aukera eman nahi diete bazkideei: «Ezagutu dugu barazkia egiten dela Irunen, edo Olaberria auzoko Oihanalde baserrian haragia, eta badira beste leku aunitz ezagutzen ez ditugunak eta harritu ere egin gara, sorpresa hartu dugu. Jende jatorra, hurbila, eta bertako eta kalitatezko produktuak aurkitu ditugu. Uste dut bazkideek zein aukera dauden bertatik bertara ezagutzea garrantzitsua dela, proiektuarekin bat datorrela».
Labore Txingudik babarrun jatea egin zuen aurkezpenerako joan den hilabetean —«bertako produktuekin noski»— eta erantzun «polita» jaso zutela nabarmendu du Lantzek: «Hainbatek ez dute oso argi zer den proiektua. Orduan azaltzen diezu denda bat dela, baina jabea elkarte bat dela, eta elkarte horrek erabakitzen duela hor zer saldu. Jendea oso ongi hartzen ari da ideia».
Bazkideak lortzeko bidean murgilduta daude erabat, eta momentuz ez dute instituzioen aterik jo, ideia baztertzen ez duten arren. «Udaletara joko dugu eta Bidasoa Bizirik-en ere saiatuko gara», iragarri du.
Osasuntsu eta koherente
Bazkide egiteko arrazoi ugari daudela argi du Lantzek, «erosoago, osasuntsuago eta koherenteago bizitzeko modua da. Proiektuan inplikazio maila norberak erabakitzen du: izan daiteke denda arrunt batera joateko egiten dugun esfortzu bera, edo izan ahal da gehiago ere, joan, saltseatu eta ezagutu».
Bazkide egiten direnek bertako produktua izango dute eskura, «kalitatearen berme da hori, eta gainera ekonomia eredu bat sustatzen ari zara».
Bazkide egiteko eta proiektuaren gaineko informazioa jasotzeko lau bide jarri ditu Txingudi badiako bizilagunen eskura Labore Txingudik: laboretxingudi.org webgunean proiektuaren gaineko informazioa bildu du proiektuak, eta
posta elektronikoa beste aukera bat da. Bertara mezua bidal dezakete interesdunek. Facebook eta Twitter kontuak ere baditu egitasmoak, horietan informazioa jaso eta bazkidetzak egiteko.
Berrehun familiaren babesa jaso du Labore Oarsok
Labore Oarso elkarteko Toki, Osa eta Arruti.
Ilusioz beterik azaldu dira Labore Oarso elkarteko talde eragileko kide diren Kristina Osa pasaitarra, Salba Zarrazkin Toki oiartzuarra, eta Mikel Arruti lezoarra. Duela hamalau hilabete kontsumoa eraldatzeko hasitako proiektuak badu gune fisikoa, eta Oarsoaldeko 200 familia baino gehiagoren babesa jaso du. Ilusioz eta gogoz ari dira kontsumoa eraldatzeko lanean.
Pasa den astean egin zuten batzar irekia, eta bertan 50 bat lagunek hartu zuten parte. «Urtean zehar egindako lanen gainean aritu ginen, lokala badugula jakinarazi genuen, eta 2017rako 50 euroko kuota zehaztu genuen, besteak beste», esan dute. Sustatzaileek erakusten duten ilusio berbera jaso omen zuten batzar horretan bazkideen aldetik. Bazkide gehiago lortu nahi dituzte. «2018 urterako 500 izan nahi ditugu», zehaztu du Tokik, « baina orain lehentasuna lokala da, Labore Oarso izango dena txukuntzeko eta prestatzeko lan handia dugu aurretik». Oiartzungo Ihurrita pabiloian izango du egitasmoak egoitza.
Izan ere, pabiloia egokitu eta atontzea dute lehentasun orain, eta auzolanean egin nahi dute, «gure proiektuarekin erabat dator hori eta bazkideek parte hartzea nahi dugu». Lurra aldatu, paretak margotu, argiteria jarri… prakak bete lan dute, 2017ko otsaila-martxorako zabalik nahi dutelako Labore Oarso denda. Ez dute lan erraza izango, 300 metro koadro ditu beheko solairuan lokalak, eta 150 metro koadro lehenengo solairukoak, lau gelatan banatuta.
Ekoizle sarea sortzen
Elkarte gisa erregistratu da Labore Oarso, «ezinbestekoa genuen diru laguntzak eskatu ahal izateko, besteak beste, elkarte izatea» esan du Osak. Urrats hori egin dute. Ondoren bazkideek erabakiko dute elkartea izan edo kooperatiba bihurtu.
Ekoizleen sarea %100ean osatu gabe badute ere, ia bukatuta daukate. «Zuberoatik hasi eta Nafarroako Erriberarainoko ekoizleen produktuak izan nahi ditugu Labore Oarson, baita Oarsoaldekoenak ere», esan dute. Horren harira, 7BAT17 iniziatibak antolatu duen astearen barruan postua jarriko du bihar Labore Oarsok Xabier Olaskoaga plazan antolatutako azokan, 11:00etatik 14:00etara, eta Iruñeko Landare kooperatibaren produktu ekologikoak ekarriko dituzte bertan saltzeko.
Barazki ekologikoak, arrautzak, eztia, bertako kalitatezko haragia, esnea… Egunerokoan etxean erabiltzen diren produktuekin bete nahi dute denda, «eskaintza ezberdin bat egin nahi dugu, ekologikorako bidean doana, prezio justuan erosle zein ekoizlearentzat, bitartekaritzarik gabekoa, kalitatekoa, bertakoa», azaldu dute.
Arlo ezberdinak
Proiektuak arlo ezberdinak ukitzen dituela argi du Arrutik: «Elikadura subiranotasunean pausu bat da, kontsumoa eta elikadura ulertzeko modu eraldatzailea da, beste kontsumo bat bultzatu nahi dugu, ekoizleekiko beste harreman batekin. Jendearen aldetik harrera oso positiboa izaten ari da proiektua, jende oso ezberdina bildu gara bertan». Kontsumoa eraldatzea proposatzen duen proiektuak, gainera, lehenengo sektorea bultzatzeko tresna ere badela argi dute hirurek: «Baserri ugari gelditu dira krisiaren ondorioz bertan behera, gure herrietako nekazaritza eta arrantza sustatzeko bidea ere bada Labore Oarso».
Lan erraza ez dela argi dute. Kontsumitzen denarekin eta produktu horiek egindako bidearen gaineko galdera asko ez omen direlako egiten. «Osasuna kolokan dugunean, tamalez, gehiago kezkatzen gara elikadurarekin, kontsumitzen dugun horrekin. Informazio gehiago dugu, gehiegi batzuetan, eta ez oso fina, ez da zaila osasuntsu eta orekatu jatea. Denok dakigu nola elikatzen ginen, baina ahaztu egin zaigu», jarraitu du Osak.
Arrutik uste du jendeari orokorrean ez diola kezkatzen zein baldintzetan erosten duen: «Produktuaren atzean nekazari edo ekoizle bat dago lanean, eta hark modu duin batean landu duen hori prezio duin batean saltzeko eskubidea dauka. Hori azalaraztea ere badugu helburu».
40 abalista
Proiektuak aurrera egiteko mailegua eskatu behar izan du, eta orain abalista bila ari da, «1.000 euro emango dituzten 40 lagun behar ditugu». Horrek izan duen erantzunarekin ere harrituta daude, «lagun batzuk esan dute dagoeneko prest daudela abalista izateko, bere eltxetxotik dirua atera eta Labore Oarsori emateko. Gaur egun bizi dugun egoera kontuan izanik, eta oraindik ezer egin gabe dagoela ikusita, proiektuarengan konfiantza eta ilusio handia erakusten du horrek, eta benetan eskertzekoa da. Halere auzolanerako zein abalista izateko pertsonak behar ditugu».
Labore Oarsorekin bat egiteko arrazoiak argi dituzte, «gure arteko sarea ehuntzeko, ongi elikatzeko eta batez ere gurea bultzatzeko modua da bazkide egitea», esan du Osak. Globalizazioa aipatu du Arrutik: «Uste dugu badagoela gauzak egiteko beste modu bat. Mundu globalizaztu honetan gauzak aldatu daitezke eta gure txikitasunetik hori erakusten ari gara. Jendea gogoz dago gauzak beste modu batean egiteko».