Kalakan eta Ametsa Gazte elkarlanean ari dira, hilaren 11n emanaldi bat emateko. Soinu Labor egitasmoaren barruko kontzertua izango da.
Kalakan taldea.
Elkarlan mamitsua egiten ari dira Kalakan taldea eta Irungo Ametsa Gazte abesbatza. Horren emaitza hilaren 11n (igandea da) plazaratuko dute biek, elkarrekin ikuskizuna emango dutelako 12:00etatik aurrera CBAn. Irungo Udalaren Soinu Labor egitasmoaren barruan prestatu dute egitasmoa: Irungo kultur taldeak eta kanpokoak elkarrekin egitasmoak landu ditzaten sortu zuten Soinu Labor, horien lana ezagutarazi eta zabaltzeko.
45 bat minutuko ikuskizuna da bi taldeek taularatuko dutena, askotarikoa. Azken asteetan horren prestaketan ari dira. Juncal Eizaguirre Irungo Udaleko Kultura ordezkariak azaldu duenez, bi taldeek musika ulertzeko era ezberdina dute, “hortaz, bien elkarlanaren emaitza oso interesgarria izango dela ziur nago”.
Eizaguirrek esan duenez, Soinu Labor udalak musikaren alorrean duen proposamenik “eraberritzaileena” da, eta Irun Zuzenean proiektu orokorraren barrukoa da. Horren lehen emaitza azaroaren hasieran eman zuten, udal marrazketa eta margoketa akademiako kideek Ainara Legardon abeslariarekin egin zuten emanaldian. Hortaz, udalaren asmoa da ikusi nola doazen ondorengo ekitaldiak, urteko kultur programazioan maizago egiteko asmoz, “eta horrela phiko publikoa eta berria erakartzeko aukera izango dugu”.