Berdintasun ordenantza premiazkoa dela uste du alderdiak. Gaia beste alderdiekin lantzen hasiko da.
Ezker Anitza-IUko kideak, euren azalpenak ematen.
Emakumeekiko bazterkeriari aurre egiteko, emakume eta gizonen parekidetasun printzipioa lantzeko, genero ikuspegia udalaren alor guztietan txertatzeko eta “genero berdintasunak behar duen garrantzia izan dezan”, berdintasun ordenantza bat egin dezala eskatu dio Ezker Anitza-IUk Irungo Udalari. Ordenantza horren egikaritzean, udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, ordezkaritzarik ez dutenek eta talde feministek egon beharko luketela uste du alderdiak, “ordenantzaren premia du Irunek”.
Apirilaren 26an aurkeztu zuen ordenantza egiteko eskaera Ezker Anitzako Irungo asanbladak. Sei hilabeteren buruan erantzuna eman zion horri udalak, esanaz, ordenantzaren azterketa eta balorazioa Gizarte Ongizateko Sektoreko Batzordeko Berdintasun Batzordean egingo dela. Bertan, egun, ez daude ordezkatuta hiriko eragile guztiak, eta horren harira, udaleko erantzunean agertzen da edonork parte har dezakeela batzorde horretan.
Ezker Anitza-IUk esan duenez, Irungo Udalak badu Berdintasun Plana, eta aurten amaitzen da. Gainera, Berdintasun Arlorik ez izateaz gain, gaiaz zehazki arduratzeko ez du berezko teknikaririk, “Gizarteratze teknikaria dago”. Horrela, planaren epealdia bukatuta, horren balorazioa egiteko eta ordenantza bat onesteko “aukera paregabea da” alderdiarentzat.
Irungo arazoak
Ordenantzaren beharra aldarrikatzeaz gain, Irunen emakumeek dituzten arazoak zerrendatu ditu Ezker Anitza-IUk. Horrela, aurten, emakumeen indarkeriarekin harremana duten 126 salaketa jarri dituztela hirian esan dute. Era berean, azken hiru urteetan Irungo
Eskina tabernan izandako eraso homofoboak salatu dituzte.
Irunen dauden 4.159 langabeetatik %58,8 emakumeak direla esan du aldi berean alderdiak.
Gainera, alardearen gaineko gatazka ere aipatu du ezkerreko alderdiak, eta esan du hori ere ordenantzan sartu beharko litzatekeela. Salatu dute. aldi berean, Berdintasun Planetik jaien atala kendu egin zutela.
Ordenantza lantzeko udalean dauden alderdiekin harremanean izango dela azaldu du Ezker Anitza-IUk.