Ezker Anitza-IU alderdiaren arabera, herritarrek ez dute behar adina lanabes gisa horretako prozesuetan parte hartzeko.
Proco Gomez, Bidasoko Ezker Anitza-IUko kidea.
Bidasoko Ezker Anitza-IUren ustez, herritarren partaidetzazko aurrekontuen eredua ez dago “benetako parte hartzea” eman dadin, horregatik, alderdi politikoak hori eskatu du, “benetako parte hartzea” bermatuko duen eredu bat: “Hori baieztatu ahal izan da aurtengo prozesuaren parte hartze urrian”.
Alderdiak esan duenez, hainbat herritarrek haserrea agertu dute prozesuarekiko, “bozketetan ustezko iruzurra, aurrekontu orokorretan behar luketen partidak, denbora galtzea… Horiek dira herritarrek izan dituzten kezkak”. Horregatik, eredu aldaketaz gain, parte hartzea indartzeko kontzientziazio kanpainak egin behar direla uste du Ezker Anitza-IUk, “denon arazoak direnak aztertuko diren aurrekontu parte hartzaileak lantzeko. Orain, alderdi bakoitzak berea defendatzen du, ez interes orokorra”.
Horregatik, Jose Antonio Santano alkateari eskatu diote “soluzio praktikoak” bila ditzala herritarrek gisa horretako prozesuetan parte hartu, erabaki, eta informazioa izan dezaten, “era errealean eurengan eragina duten erabakietan parte har dezaten”.