Irungo Udaltzaingoaren egoitzan zer dagoen, eta agenteek nola lan egiten duten jakiteko bisita gidatuak egiten ari dira.

Aita Menniko kideak, udaltzainen egoitzan.
Otsailean hasi ziren Irungo Udaltzaingoaren egoitza nagusia ezagutzeko bisita gidatuak egiten. Hiriko ikastetxeetako kideak izan dira egoitza hori ezagutzen orain arte, LH4ko ikasleak batik bat. Bada, bada berritasunik: Aita Menni Eguneko Zentroko bi taldek egoitza hori bisitatu zuten aurreko astean.
Txema eta Javier udaltzainek eman zizkieten zehaztasunak bisitariei, bertan ere Lourdes Larraza Udaltzaingoaren udal ordezkaria zela. Egunerokoan zer egiten duten adierazi zieten bisitariei udaltzainek, baita hainbat aholku eman ere.
Ibilgailuen argiak kontrolatzeko kanpaina
Bestalde, udalak jakinarazi duenez, atzotik hilaren 20ra arte zaintza kanpaina berria abian du Udaltzaingoak: hirian dabiltzan ibilgailuek argiak era egokian dituzten antzemateko kanpaina da. Hori neurtzeko kontrolak jarriko dira goiz-goizetik gauera arte hiriko kaleetan, eta geldituko dituzten ibilgailuen argiteria sistema ikuskatuko dute. Gidariei aholkuak ere emango dizkiete.