Gurpil bereziak jarri arren, euriarekin, erortzeko aukera izaten da roller herrikoien beldurrik handiena. Fanfo Alza hondarribiarra bosgarrenez aterako da.

Fanfo Alza hondarribiarrak bosgarrenez egingo du Behobia-Donostia rollerrekin
Behobia-Donostia herri lasterketa egiten duten korrikalarien artean askoz gehiago dira proportzioan herrikoiak, kirol elkarte edo talde bateko partaide direnak baino. Aldiz, irristatzaileen artean, herrikoiak bezain beste edo gehiago dira federatuak, hau da, klub bateko kide direnak. Horrek oso ikusgarri egiten du rollerren proba, estrategiak, teknikak, eta talde lanak bere biziko garrantzia dutelako. Eta abiadura handia delako, malda behera 60 kilometro orduko abiadura gaindi baitezakete azkarrenek.
Fanfo Alza hondarribiarra ez da horietakoa, ez du talderik, momentuz behintzat: “Talde dezente daude, Tolosan, Donostian pare bat, Bilbon, Gasteizen, Iruñean…”. Baina bere inguruan ez dago, ez Bidasoan ezta Oarsoaldean ere, nahiz eta ez duen baztertzen talde bat sortzea: “Hori nahi dut nik egin hemen, Hondarribian eta inguruan aritzen garenekin talde bat sortu, kamisetak eta abar atera, baina oraingoz jendea falta da”.
Bitartean bere kabuz ari da entrenatzen, eta ziurrenik bakarrik egingo du lasterketa. Bosgarrenez lehiatuko da, hau da, bigarren urtean atera zen aurenekoz, 2010ean hasi baitziren patinatzaileen proba antolatzen. Urtetik urtera hobetzen joan da bere maila, eta iaz, 54:50 izan zen bere marka, 2014koa lau minututan onduz. Entrenatzeko aukera izanez gero, denbora hobetzera joaten da, baina badaki aurten zaila izango dela, euria hasi zenetik ezin izan baitu entrenatu, “herrian ez dugu aukerarik, ez digute azpiegiturarik uzten”.
Eguraldia da rollerretan aritzen direnen etsairik nagusia eta, iragarpenak ez badu hutsik egiten, aurkari latza izango dute igandean. “Euria eta haizea txarrak dira guretzat. Baditugu gurpil bereziak urarentzako, heltze hobea dute, baina euriarekin erortzeko arrisku gehiago dago”. Horregatik, bere helburua ez da marka izango, “behintzat bukatu, eta ez banaiz erortzen, ondo”.
Bere eskarmentua kontuan izanik, Mirakruzeko maldan behera dagoen biribilgunea da zatirik arriskutsuena, “hor kontuz ibili behar da”. Horra indarrez oso justu iristen dira, eta une kritikoa dela deritzo Alzak: “Zati gogorrena Mirakruzeko igoera da, Pasaiatik gora. Hamabost kilometro eginak daramatzazu [neke aurpegia jarri du], eta hortik azken maldatxoa igo arte, nik uste hori dela zati gogorrena”.
Indarra eta teknika
Urte osoan entrenatzen da Fanfo Alza. Behobia gutxi entrenatuta egiten dute korrikalariak badiren bezala, patinetan hori zaila dela uste du: “Patinetan ez baduzu entrenatzen, oso zaila da aldapak igotzea, indarra behar duzu hanketan”. Aldiz, elikadura hain inportantea ez dela uste du hondarribiarrak: “Ez zara nekatzen korrika egiten bezala, gutxiago, baina beste kontzentrazio bat behar duzu, bidearen egoera etengabe zaindu… Teknika eta hankako indarra behar da, elikadura ez da hain inportantea”.
Teknika, indarra eta kontzentrazioa behar dira Behobia-Donostia patinekin egiteko, baina publikoak ere eragin handia du. “Garrantzitsuena jendea da, ikusleak. Nahiz eta zu indarrik gabe egon, beti zerbait egiten dizu jendeak, asko laguntzen du”. Igandean ere espaloietatik iritsiko zaie laguntza, ez baitirudi zerutik jasoko dutenik.
Iazko irabazleak eta marka onenak, nafarrak
Alberto Aleman iruindarrak du Behobia-Donostiako markarik onena (37:07), iaz lortuta. Azken hiru ekitaldietan bera izan da irabazlea, baina horrek ez du esan nahi erraz gailendu denik. Iaz, esaterako, esprintean amaitu zen proba, eta Alemanen atzetik segundo bakarrera sartu zen bigarrena, Mario Lopez de Diego galiziarra. Are gehiago, 10.ari zortzi segundo baino ez zizkion atera Alemanek. Iazko top 10ean Maite Ancin sartu zen, lehen emakumea eta gizonen probako irabazlearen taldekidea. Nesken ordura arteko markarik onena hobetu zuen Ancinek (37:11).
2010ean antolatu zuten lehen aldiz irristatzaileen proba. Aurten, beraz, zazpigarren ekitaldia izango da. Alemanek hiru aldiz irabazi du, eta nesketan ere, bada hirutan nagusitu denik, Saray Narvaez berriozartarra.