[Behobia-Donostia] Begoña Zuñiga: "Irabaztera ateratzen nintzen beti"
Behobia-Donostiaren historian letra larriz dago irundarraren izena. Behobia-Donostia irabazi zuen lehen emakumea izan zen 1979an. 1981ean eta 1987an irabazitakoekin, lasterketaren erreginetako bat da.
Garbi hitz egiten du Begoña Zuñigak (Irun, 1951), esaten duenean harro dagoela Behobia-Donostia irabazi zuen lehen emakumea izateaz; historian geldituko den zerbait egin zuela uste du. Hala da, ez da gezurra. 1979an izan zen hori. Orduan atera ziren lehengoz emakumeak lasterketan, dozena erdira ez zen iritsi partaideen kopurua jada milaka ziren gizonen artean 20 kilometroko bidea egiteko. Baina arantza du. Lesio bategatik egun ezin du korri egin. Ametsa litzateke Zuñigarentzat proba egitea, lasai, kilometro bakoitza gozatuz, beharbada irabazteko prestatzen zenean bizi ez zituen haiek sentitzeko. 1979 urtea. Behobia-Donostian lehenengoz emakumeak lehian, eta zu irabazle. Nolakoa zen Behobia orduan? Oraingoarekin ez zuen batere zerikusirik. Zenbat atera ginen orduko hartan, 3.000, 4.000? Eta emakumeak beharbada bost ginen. Baina oso polita izan zen. Ni Behobian bizitzen nintzen, eta pasiotzat nuen bertan parte hartzea. Bost bat emakume ginen, eta gainera, denon artean ezagunak, krosean, distantzia luzeko lasterketetan eta bestelako probetan beti elkartzen ginelako. Baina Gipuzkoan ez zegoen Behobia-Donostia bezalakorik, handiena zen. Orain uste dut jende gehiegi dagoela, ordea, ez da gauza berbera. Emakumeen lehen Behobia hartan helmugara iristea zoramena izan zen niretzat; emozio handiko unea izan zen. Gainera, lasterketaren aurretik, prentsan-eta pike antzekoak sortzen saiatzen ziren. Hain gutxi ginen emakumeak ezaguna zela zeintzuk ibiliko ziren aurrealdean, eta lasterketaren aurretik erreportajeak-eta egiten zituzten ea nork irabaz zezakeen adierazteko, giroa berotzeko. 1979an bakarrik ez. 1981ean eta 1987an ere garaile. Eta parte hartu nuen gainontzekoetan bigarren edo hirugarren izan nintzen. Ia beti, emakumeetan, berberak izaten ginen irteerako lerroan. Ezagutzen ez genuen baten bat etor zitekeen, bai, baina aurrean ginenak urtero berberak ginen. Ez da orain bezala, milaka emakume daudela. Gainera, gogoan dut, adibidez, zein zapatilekin ateratzen ginen! Materialean ere sekulako aldaketa izan da. Egia da Maria Luisa Irizar karreran ateratzen hasi zenean hark beti irabazi ninduela, hura irteerako lerroan ikusten nuenean banekien irabaztea oso-oso zail izango nuela. Baina nabarmentzekoa da zein giro ona genuen gure artean. Belauneko lesio bategatik utzi zenion korri egiteari. Baina, nola bizi duzu egun lasterketa? Barrualdean zirrara berezia sentitzen dut. Baina ez naiz gai errepidera jaitsi eta lasterketa ikusteko. Ezin korrika egiteak amorru pixka bat ematen dit, eta horregatik, ez naiz gai irteerara ere joateko, barrualdea mugitzen zait, inbidiak jota izaten naiz, asko emozionantzen naiz, negarrez hasteraino. Telebistatik jarraitzen dut; nola, gainera! Nire ametsa litzateke ateratzea, gozatzera, bat gehiago izatea milaka horien artean… Baina ezin. Behobiak egin zenituenean hamarkadara ez zineten iristen emakumeak. Orain milaka dira. Nola baloratzen duzu hori? Oso-oso ondo. Sekulakoa da hori. Pentsa; ni Irunera bizitzera etorri nintzenean, entrenamenduetan emakume bakarra nintzen, gizonekin entrenatzen nintzen. Orain asko daude, eta pena handia ematen dit haiekin ezin joatea entrenatzera ere, ez naiz ausartzen. Berezia sentitzen al zara lehen Behobia irabazteagatik? Bai, ezin dut ukatu. Hori batez ere duela bi urte nabaritu nuen. Behobia-Donostiak 50 urte bete zituen, eta hedabide askok deitu ninduten elkarrizketak-eta egiteko. Beharbada denborarekin nik egindakoa baloratu egin da. Ondorenera jende gehiagok irabazi du lasterketa, baina ni izan nintzen lehena. Hor dago hori, nire gozamenerako, eta historiarako. Kirolean horrela da: irabazten duenaren izena nabarmentzen da, eta bigarren edo hirugarren gelditzen dena ahanzturan gelditzen da. Nolatan hasi zinen korrika egiten, zergatik? Ni Abarzuzan (Nafarroa) jaioa naiz. Txikitan Arrasatera lekualdatu ziren nire gurasoak. Han hasi nintzen korrika egiten, ia oharkabean. Arrasateko eskola profesionalean emakumeen korrikalari talde bat sortu nahi zutela esan, eta izena eman nuen. Bospasei hasi ginen, eta jarraitu zuen bakarra ni neu izan nintzen. 40 bat urte pasatu dira ordutik gutxienez. Bada jendea bakarrik Behobia egiten duela, eta gero, hurrengo urtera arte korrika egiteari utzi. Zein iritzi duzu hortaz? Pena dela. Nik korri egiteko eta irabazteko aukera izan dut. Ez bakarrik Behobia: krosak, maratoi erdiak [1980an Espainiako txapeldun izan zen] eta bestelakoak irabazi ditut, hau da, horretara iristeko dedikazio handia eskaini diot atletismoari. Zaila da egunero ordu bat, edo ordu eta erdi bat ateratzea entrenatzeko. Beharbada hori izan daiteke jendeak Behobia bakarrik egiteko arrazoietako bat: sasoian egoteko, entrenatzeko denbora behar da, eta gaur egungo gizartea nola dagoen ikusita, zaila da denbora ateratzea, ez bakarrik korri egiteko, edozertarako. Baina Behobiarako, behintzat, jendea ondo prestatzen da. Nik hori uste dut. Partaide gutxi egongo da Behobian ondo iristen ez dena irteerara. Norbera bere neurrira, bere helburuekin eta erritmoarekin. Baina 20 kilometro egitea ez da txantxa, eta ondo prestatu behar zara lasterketa behar bezala egiteko. Zer ematen dizu kirola egiteak? Hobeto sentitzen zara. Hori bada arrazoi nahikoa kirola egiteko. Kirola egin, entrenatu, eta etxera iritsi, dutxa hartu, sekulakoa da hori. Zure etxeko txokoren bat, egongela beharbada, kopaz eta oroigarriz beteta egongo da ziurrenik. Zer sentitzen duzu horiek ikustean? Bai, oroigarri eta kopa asko dauzkat etxean. Bi seme ditut, bikiak. Horietako bat kirola egindakoa da, futbolean oso ondo ibili zen. Orain korrika hasteko nahia duela esan dit. Ederra litzateke niretzat harekin batera egitea Behobia-Donostia, etxean ditudan kopa guztiek baino ilusio handiagoa egingo lidake harekin batera egitea proba. Kopak-eta maiz begiratzen egoten naiz. Eta pasadizo asko etortzen zaizkit burura, oroitzapen onak gehienak. Lasterketen mundua utzi zenuen. Baina inoiz amestu duzu zure burua Behobiako irteeran, Gaintxurizketa igotzen, Pasaiatik pasatzen, Donostiako?Bulebarra… Askotan. Eta bada jendea galdetzen didana ea zergatik ez dudan parte hartzen: lesioa da denaren arrazoia. Ibilbidea aldatu egin dute, ez nago ziur nolakoa den, baina uste dut lehengoa baino politagoa dela. Esan didatenez, Errenteria-Orereta guztia kalean egoten da, errepide ondoan, Behobia pasatu bitartean, Antxon antzekoa izaten omen da… Nire esperientzia da, nahiz eta ni Behobian ateratzen nintzenean ikusle bezala jende gutxiago egon, txaloek eta oihuek eramaten zaituztela, indarra ematen dizutela, une zailetan oso lagungarri direla. Hori ez da galdu behar. Eta gainera, senitartekoren bat bidean badago, sekulakoa da hori… Oroitzen dut, nire senideen ondotik pasatzen nintzenean, azkartu egiten nuela erritmoa, eta nire ondoan korrika joaten zirenek esaten zidatela ‘e! Lasai, ez joan hain azkar!’. Hori Gaintxurizketa inguruan izaten zen, ia konturatu gabe oraindik ere karrerako zati zail asko nituela aurretik. Behobiako irabazle izan zara. Baina inoiz jarri al zara sailkapen nagusian azkena izan denaren buruan? Zer esango zenioke? Ez dezala amorerik eman. Ez da txantxa, lehen ere esan dut, Behobia-Donostiaren moduko lasterketa bat egitea. Parte hartu behar da, eta urtetik urtera hobetzen bada, hori oso garrantzitsua da, zure buruari helburu txikiak jartzea ezinbestekoa da aurrera egin ahal izateko, hobetzeko. Ni ateratzen nintzenean irabaztera joaten nintzen, baina egia da pertsona bakoitzak bere helburu propioa duela bai Behobian, bai edozein lasterketan. Irabaztera ateratzen zinela esan duzu. Hori presioa al zen zuretzat? Hasieran bai, irabaztera behartuta sentitzen nintzen. Nik irabazteko entrenatzen nuen; beste gauza bat da batzuetan ez nuela irabazten, baina Gipuzkoako emakumeen artean goi mailan nintzen, eta irabaztera ateratzen nintzen parte hartzen nuen lasterketa guztietan. Horretarako entrenatzen nuen, ordu asko sartzen nituen, eta emaitzak lortu nituen. Gainera, 1970ko hamarkadaren bukaeran eta 1980koaren hasieran Gipuzkoan, emakumeen artean, oso maila handia zegoen. Adibidez, Espainiako selekziora joaten ginenen artean gehienak gipuzkoarrak ginen: 1980ko Munduko Maratoi Erdi Txapelketan parte hartu nuen, urte hartako Munduko Maratoi Txapelketan izan nintzen Londresen… Orain hori ez da horrela. Behobian ezin parte hartzeak pena ematen dizula esan duzu. Erabat baztertua duzu hori? Bai, bai. Ezin dut arriskatu, belaunak zer esango didan badakit: geldi zaitez. Pena da. Gozamena izango litzateke niretzat Behobia egiten hasi, eta besterik gabe, bukatzea. Badira nire adineko asko parte hartzen dutenak, eta baten batek ere esan dit ateratzeko, lasai, eta gaizki banako erretiratzeko. 7 Maria Luisa Irizarren Behobiak Emakumeen artean, Maria Luisa Irizar andoaindarra da Behobia-Donostia gehien irabazi dituena, zazpi, denera: 1980, 1983, 1984, 1985, 1993, 1994 eta 1995ean irabazi zituen. Markarik onena, ordea, Tirhas Gebre Aunoon etiopiarrak egin zuen 2011n, 1:08:07 denborarekin. Iaz Raquel Gomezek irabazi zuen (1:13:39). 5 Alberto Juzdadoren Behobiak Alberto Juzdado madrildarra da gizonen kategorian Behobia-Donostian gehien irabazi dituena. 1995, 1996, 1999, 2003 eta 2004. urteetan zeharkatu zuen lehen postuan Bulebarreko helmuga. Gainera, harena da gizonen artean markarik onena, 1996ko 59:19a. Madrildarra izan zen ordubeteko muga jaisten lehena.