Anderrek prototipoen Europako Iraupen Txapelketa irabazi du eta Angelak Mendiko Europako Emakumeen Kopa.
Europako Iraupen Txapelketa irabazi du Ander Vilariñok (arg: Hugues Laroche)
Ander eta Angela Vilariño anai-arreba hondarribiarrek ezin hobeto amaitu dute motor denboraldia. Anderrek Europako Iraupen Txapelketa irabazi zuen asteburuan, eta Angelak, Mendiko Europako txapeldunaren saria jaso zuen. Aurtengo bi garaipenekin, hamahiru dira dagoeneko Vilariñotarrek eskuratutako kontinental mailako tituluak: sei lortu ditu Anderrek, bi Angelak, eta beste bost aitak, Andres Vilariñok.
Estorilgo (Portugal) zirkuituan bukatu zen asteburuan Sport Prototipoen Europako Iraupen Txapelketako aurtengo ekitaldia. Bertan garaipena lortuta irabazi du Ander Vilariñok sailkapen nagusia. Euro Nascar txapelketa hirutan irabazi eta gero, eta AEBn aritzeko aukerarik ez zuela ikusita, TFT talde frantsesaren eskaintza onartu zuen, eta Sport Prototipoen Europako Iraupen txapelketan lehiatu da, Alain Ferte eta Philippe Illiano pilotuekin taldea osatuz.
Vilariñoren seigarren titulu kontinentala da, aurretik hirutan EuroNascar txapelketa irabazia duelako eta beste bitan mendikoa.
Angela, mendian
Hain zuzen ere, Mendiko Europako Txapelketako sari banaketako gala egin zuten asteburuan Oviedoko (Asturias, Espainia) Reconquista hotelean. Bertan, Angela Vilariño hondarribiarrak Mendiko Europako Emakumezkoen Kopako irabazlearen garaikurra jaso zuen.
Berriro barketa batekin lehiatu da Angela Vilariño aurten (arg: Vilariño Motorsport)
Aurreko astean baieztatu zioten txapelketa irabazi zuela, hain zuzen ere, emakumeetan Espainiako txapeldun geratu eta bi egunera. Bi titulu urte berean.
Bigarren aldiz hartu du eskuetan sari hori, aurrenekoa orain hamar urte lortu baitzuen. 2015ean Espainiako Txapelketan Adam R2 Opel batekin lehiatu eta gero, aurten berriro barketa batekin lehiatu da hondarribiarra, Silver Car EF10 autoarekin.