Zazpigarren jardunaldian 10 puntu ditu Il Capo Hondarribia Eskubaloiak, iaz baino zortzi gehiago.
Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak beste garaipen bat lortu zuen asteburuan, bosgarrena zazpi jardunaldietan, eta Euskal Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatu da. Larunbatean Zumaian Pulpori irabazita (24-30), laugarren postuan daude berdeak, liderrak baino bi puntu gutxiagorekin.
Orain arte, bi partida baino ez ditu galdu taldeak, Basauri eta Corazonistas talde indartsuen kontra, eta besteak beste Urduliz liderrari irabazteko gai izan da.
Hurrengo jardunaldian Ford Mugarri Arrasateren kontra jokatuko dute hondarribiarrek, etxean. Debagoienakoak oso irregular hasi dute denboraldia eta horretaz aprobetxatu nahiko du Il Capo Hondarribiak. Ohi bezala, igande eguerdian jokatuko dute, 12:00etan, gazteen partidaren ondoren.
Iazko zailtasunak ahazten ari da Il Capo Hondarribia
Iazkoa ahazteko bidean
Euskal Ligako lehen faseko laurden bat bete denean, badirudi Hondarribia Eskubaloiak aurreko urtean izandako arazoak erabat ahaztuta dituela. Egunetik egunera hobera doa taldea eta urduritasuna eragiten duten postuak oso atzean utzi ditu dagoeneko.
Iazkoa ez zen urte erraza izan berdeentzat. Espainiako Lehen Mailatik azkarregi jaisteak sorturiko etsipenagatik, hasieratik gauzak okertzen joan zitzaizkielako, edo dena delakoagatik, atzera begira eman zuten denboraldi gehiena, eta jaisteko postuengatik urruntzea bilakatu zen taldearen helburua. Ez zuten nahi bezala gozatu. Azkenean hamargarren tokian bukatu zuten liga, 21 punturekin. Baina bigarren zati on bat esker bukatu zuten multzoko eremu lasaiean, lan erditan zazpi puntu baino ez baitzituzten.
Datu batek argi erakusten du, momentuz behintzat, iazkoak ez duela zer ikusirik denboraldi berriarekin. Aurten, zazpigarren jardunaldia eta gero 10 puntu ditu Hondarribia Eskubaloiak, iaz baino zortzi puntu gehiago. Eta beste datu bat, azken partidan, Zumaian, hamar izan ziren golen bat sartu zuten jokalariak, kantxa zabaldu dute, aurkariaren defentsa lana zailduz.
Beltzetik berdera irauli da taldearen egoera, eta horrek harmailetan isla izan beharko luke. Iazkoa ahaztu eta berriro taldearekin gozatu nahi dute Hondarribia Eskubaloiaren zaleek.