Urriaren 26an LOMCE-Haziberrik ezarritako azterketak gaitzesteko protestak egingo dituzte hainbat eragilek.

LOMCEk ezarritako errebalidei ezetz esango diote asteazkenean.
Hainbat gizarte eragilek LOMCE-Haziberrik ezarritako errebaliden aurkako mobilizazioak deitu dituzte. Horiekin bat egin du Irungo EH Bilduk, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Errebalida horiek “hezkuntzaren kontrako beste eraso bat” bezala definitu dituzte. DBH 4ko eta Batxilergoko ikasleek ikasturte honetan egin beharko dituzte azterketa horiek. “Gure gazteen errealitatea ezagutzen ez duen kanpoko azterketa egin eta gainditu behar dute”, adierazi du ezkerreko koalizio subiranistak.
Horrela, froga horren izaera errefusatu dute: “Hiritarrok gure seme-alaben etorkizuna baldintzatuko duen kanpoko froga atzerakoi hauei aurre egin behar diegu, gure gazteak ez direlako zenbaki hutsak, gure jendartearen etorkizuna baizik”.
Irungo EH Bilduk euskal curriculum propioaren garapena aldarrikatu du, “gure gizartearen errealitate anitza ezagutu eta baloratuko duena”.