Jose Antonio Gomez irundarra eta Claudia Behobide hondarribiarra podiora igo dira. Lionel Petriacq eta Anne Tabarant izan dira azkarrenak.

Haizea kontra izan zuten korrikalariek Erlaitzeko bidean
Lionel Petriacq baionarra gizonetan eta Anne Tabarant lurdestarra emakumeetan. Bi horiek igo ziren podioko goiko koskara atzo Donibane Lohizune eta Hondarribia artean egin zuten XIX. Euskal Herriko Maratoi Erdian. Antolatzaileek boluntarioen lana eskertu zuten eta Gurutze Gorriaren arabera, ez zen gertaera aipagarririk egon. Hori bai, eguraldia izan zen protagonista, haizearen eta euriaren erruz oso gogorra bilakatu baitzen erlaitzeko bidea. Hori horrela, korrikalari gehienek ezin izan zuten iazko markak hobetu eta lasterketa ahalik eta hoberen bukatzen saiatu ziren.
Lionel Petriacq baionarrak irabazi zuen 2016ko Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketa, ordubete, hamabi minutu eta 50 segundoko marka eginez. Bigarreneari ia minutu bat atera zion Petriacqek eta azken metroetan gozatzeko aukera izan zuen. Irundar bat sailkatu zen bigarren, Jose Antonio Gomez (1:13:43). Salbuespena izan zen Gomez, aurreko urteko marka minutu eta erdian ondu baitzuen, eta bi postu ere hobetu zituen; laugarren izan zen iaz.
Hirugarren tokian beste baionar bat helmugaratu zen, Xabier Martinez (1:13:49), eta laugarren tokian lehen hondarribiarra, Iker Oliveri (1:13:57). Beteranoen sailkapenean lehen postua bereganatu zuen Hondarribikoak. Podioan sartzeko borroka polita izan zen, bigarrenaren eta laugarrenaren artean hamalau segundoko aldea ez baitzen egon. Lehena ezik, Hondarribiko kaleetan barrena erabaki ziren ohorezko beste bi postuak.
Behobide bigarren
Emakumeetan, Claudia Behobide hondarribiarra bigarren sailkatu zen, iaz bezala. Oraingoan, Anne Tabarant triatloilari lurdestarraren atzetik sartu zen Behobide, 41 segundora. Irabazleak ordubete, 25 minutu eta 54 segundoko denbora egin zuen, eta 41 segundo geroago sartu zen Behobide.
Iazko denboratik urruti ibili zen hondarribiarra, baina kontuan izan behar da lasterketa ez zela oso azkarra izan. Beraz, Donibane Lohizune-Hondarribia Euskal Herriko Maratoi Erdian bigarren sartuta, Behobia-Donostiarako sasoiko dagoela erakutsi du, nahiz eta bere aukera errealez ezin den ezer aurreratu.
Hirugarren tokian Ainhoa Trigueros gipuzkoarra sailkatu zen eta laugarren tokian bigarren bidasoarra, Irene Sanzberro irundarra. 1:30:20ko denbora egin zuen Sanzberrok.
Ikusi sailkapen osoa