Asexorate gazteentzat eta haien guraso edo konfiantzazko lagunentzat egitasmoa da. Dona, sexuari eta sexualitateari buruzko aholkuak jaso daitezke.

Asexorateren lehen saioa hilaren 29an egingo dute, aholkularitza emanez.
Abian da Irunen Asexorate, sexualitatearen ikuspegi positibo eta osasungarria bultzatzera bideratutako programa. Gazteei, eta haien erreferente diren guraso edo pertsonei bideratuta dago egitasmoa, gaiari buruzko kontzeptu zabalagoak izateko. Egitasmoaren barruko saioak doan dira.
Gazteria arloko ordezkari Josune Gomezek eman ditu gaur gaiaren gaineko xehetasunak. Iaz jarri zuten martxan lehenengoz Asexorate: parte hartzaileen balorazio baikorra izanda, aurten berriz ere egingo dituzte. Sexualitatearen inguruko printzipio eta balioen inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzeaz gain, uste faltsuetan oinarritutako mitoak desegin egin nahi dituzte, “baita sexuen arteko berdintasuna lortu ere”, Gomezen arabera. Zerbitzuak bi ekinbide izango ditu: aholkularitza, eta tailerrak.
Aholkularitza
Aholkularitza zerbitzua bi erakoa izan daiteke: aurrez aurrekoa, edo telefono bidezkoa. Horrela, aurrez aurrekoak hilabete bakoitzeko azken ostiraletan egingo dituzte CBAko iGazte bulegoan, 17:00etatik 19:00etara. Hala, aurrez aurrekoen lehen saioa hilaren 29an egingo dute: Itxaso Carrizo psikologo eta sexologoak erantzungo ditu bertaratzen direnen galdera eta zalantzak.
Telefono bidezko kontsula egin nahi duenak 943 50 54 44 edo 943 50 54 40 telefono zenbakietara deitu ahal izango du ordutegi berberean. Whatsapp bidez 607 77 11 73ra idatziz egin daitezke kontsultak.