Jose Antonio Santano alkateak Iberdrolarekin hitzartutako akordioa motz geratzen dela uste dute, eta "diskriminatzailetzat" jo dute.

Udalak energia zuzenean kontratatu dezan eskatu du Ezker Anitzak.
Egoera ahulenean daudenei laguntzeko helburuz, Irungo alkate Jose Antonio Santanok,
Iberdrolarekin hitzartutako akordioaren berri eman zuen lehengo astean.
Santanok iragarri zuenez, akordio horri esker, Iberdrolak hornitutako argia edo gasa ordaindu ezin duten irundarrei ez diete hornidura etengo eta zerbitzua etenda balute, ahal bezain pronto berrezarriko liekete.
Ezker Anitzaren ustez, ordea, akordioa “diskriminatzailea” da, ez dituelako kontuan hartzen enpresa zehatz horrekin zerbitzua kontratatua ez duten bestelako irundarrak. Horregatik, “plan integral bat” eskatu diote alkateari, “irundarren bizi baldintza duinen alde”.
Norabide horretan, Ezker Anitzak uste du udal gobernuak elektrizitatearen merkatura jo beharko lukeela kontsumitzaile zuzen baten legez, modu horretan udalerriaren faktura %20 merkeago izatea lortuko lukeela argudiatuta. ” Udal gobernuak hala egingo balu, udalak berak izango luke aukera energiaren soberakina egoera ahulenean dauden gizarte kolektiboen esku utzi, eta pobrezia energetikoa gutxituz”.
Astelehenean pobreziaren kontrako nazioarteko eguna ospatuko da mundu osoan.