Dozena bat hondarribiarrez osatutako foro batek jatorri politikoko indarkeriak eurengan eta herrian izan duen eraginaz gogoeta egin du, herrira zabaltzeko.
Foroko kideetako batzuk eta udal ordezkariak.
Motibazio politikoko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen gaineko bizipenak partekatzeko prozesua garatzen ari da Hondarribiko Udala herritarrekin elkarlan estuan,
Bizikidetzaz blagan izena du egitasmoak. Horren harira, udaleko alderdi politiko guztiek beharrezko ikusi zuten herritarrak gaiaren inguruan bildu eta hitz egiten hastea. Horregatik, sentsibilitate, lehentasun eta pentsakera ezberdineko hainbat hondarribiar gonbidatu zituen udalak horretan hasteko, eta horiek baiezkoa esan, eta azken urte eta erdian, era diskretuan, gaian sakondu dute EDE fundazioko
Bakeola zentroko kideen koordinazio lanarekin.
Jendaurrean aurkeztu berri da lantalde edo foro hori. Bidea egin dute, eta egoki ikusi dute zertan ibili diren azaldu, eta hori herrira eta herritarrei zabaltzea. Hala, hamabi kideko foroak zortzi bat bilkura egin ditu bere bidea 2015eko apirilean hasi zuenetik. Saio bakoitzean gai ezberdinak landu dituzte: bizipenak partekatzeko aukera izan dute, indarkeriaren ondorioz bizi izandako gertakizunak, horiek euren eguneroko bizitzan izan duten eragina… Eta aurrera begira ere jarri dira, itxaropenaz eta etorkizunerako asmoez ere hitz egin dute.
Hondarribiko Udalak, prozesuaren bultzatzaile den heinean, adierazi du prozesu horretan adostasun puntuak izan dituztela partaideek, «beste batzuetan ñabardurak agertu dira, eta besteetan ez dira adostasunera iritsi. Baina gutxienez elkar entzun dute, errespetuz, eta besteen bizipenez jabetuz».
Baina lantalde horrek egindakoa segida izan behar duela iritzi dio udalak. Eta horren harira, urrirako eta azarorako hainbat jarduera antolatu dituzte (ondoko koadroan daude), helburu bikoitzarekin: batetik egindako lanaren berri eman eta gogoeta herritar orori zabaldu, eta talde horretan parte hartu nahi duen orori ateak zabaldu ekarpena egiteko aukera izan dezan.
Balorazioak
Joan den astean agerraldia egin zuten gogoeta egin duen lantaldeko kideek, udaleko alderdi politikoetako ordezkariekin batera. Bertan, zertan aritu diren azaltzeaz gain, datozen bi hilabeteetan egingo diren ekitaldien berri eman zuten.
Maria Jesus Garin eta Koldo Ortega izan dira sortu zen lantaldearen kideetako bi. Biek ala biek esperientzia baikor baloratu dute.
Garinen arabera, elkar ezagutzen zuten lantaldean bildu ziren pertsonek.
Antxeta Irratiari egindako adierazpenetan jasota dagoenez, ezagutu arren, ez zuten konfiantzarik horrelako gaietaz hitz egiteko, «hasieran kezka apur batekin ginen. Jatorri ezberdinetakoak ginen. Poliki-poliki norberak gaiaren inguruan zuen esperientziaren berri eman zuen. Gustura nago».
Garinek adierazi du indarkeria politikoko gogoeta horretan errelatu bakarra ez dagoela, eta lantaldean bizi izan zituzten unerik latzenak bakoitzak bere esperientziaren berri eman zuenekoa izan zela, «baina askatasunez hitz egin dugu. Eta hori baloratzekoa da. Errelato zehatz bat, proiektu zehatz bat ez dugu adostu. Gaia ez da itxi, ordea. Horretan lan egitea ona da».
Koldo Ortegarentzat, Antxeta Irratian esan duenez, «elkarren ondoan eta elkar lagunduz» egindako ariketa izan da Bizikidetzaz blagan-en egin dutena, «eta uste dut herriz herri, pertsonaz pertsona egin beharreko prozesua dela. Garrantzitsuena da denok elkar ezagutu arren, barneko gauzak ateratzea. Hori kosta egiten da, egin dugu, eta gure arteko esperientzia oso aberatsa izan da».
Ortegak nabarmendu du herriaren izenean egon direla biltzen, hortaz, egindakoa herrira zabaldu behar dela, «kontzientzia sortzea da antolatu ditugun jardunaldien helburua. Ea jendea animatzen den, eta azken batean, gogoeta egiten duen. Jendearen erantzunaren arabera erabakiko dugu aurrerantzean zer egin».
Txomin Sagarzazu.
«Pausoak aurrera ematea beti izango dugu gogoan»
Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea
Foroak egindako bideaz zein balorazio egiten duzu?
Oso positiboa eta emankorra, izan ere, gure gonbidapenari heldu eta lankidetzan zintzo aritu dira oso eredu interesgarria eskainiz. Elkarren artean aritu ondoren, beren ondorioak eta proposamenak agertu dizkigute udalkideoi eta horrek gure egitekoaren norabidean eta eginkizunak zehazten lagundu digu. Bestetik, oso argi nabarmendu digute gizarteratzeko premia, beste hainbat herritarrengana iristeko beharra. Gizarteratzeko egindako proposamen zehatza aho batez onartu dugu udalkideok.
Hirira zabaldu eta jende gehiago gonbidatu nahi duzue taldera. Zergatik?
Begien bistakoa da ahalik eta herritar gehienengana iristea ezinbestekoa dela, bizikidetzaren alorrean aurrerapenak egingo baditugu. Ekitaldi sorta honek gogoeta partekatzeko eta elkarrekin hitz egiteko aukera emango digu, eta espero dugu beste zenbait herritarrek ere hurbiltzeko modua izatea honen bidez. Prozesua axola handikoa denez, pausoak aurrera ematea beti izango dugu gogoan, gure gizarteak markatzen digun abiaduran eta erritmoan.
Urria eta azaroan hainbat ekitaldi antolatu dira. Handik aurrera zein bide jarraituko du prozesuak?
Udalkideoi dagokigunez, 2011n elkarrekin hasi genuen bidean jarraitzea da denon asmoa. Azaroaren 10ean izango den Memoriaren Eguna dugu hurrengo atala eta hori lantzen ari gara. Bestetik, azken hilabeteotan gertatu den bezala, herritarrengandik jasotako proposamenak aztertu eta haiekin bat egiteko borondatea ere agertu dugu. Eta, azkenik, herritarren foroak antolatutako ekitaldi-sortarekin bat egin eta gero, haiekin batera aztertuko ditugu emaitzak eta ondoko proposamenak.