Champions League Irunen, baina bote luzekoa. Pilota modalitate horretako Europako talderik onenak Euskal Herrian daude egunotan, tartean, Irunen partidak jokatuko dituzte.
Bote luzeko partida bat. Argazkia: Txost.
Asteburuan jokatuko da pilotako bote luzea modalitateko Europako IV. Champions Leagueren azken fasea Euskal Herrian. Donostian, Biarritzen eta Irunen jokatuko dira partidak. Zehazki, Irunen larunbatean hiru partida jokatuko dira, final-laurdenetako ligaxkakoak, B taldeari dagozkionak. Katea auzoko Ugalde-Ventas futbol zelaian jokatuko dituzte partidak hiru denera.
Alacanteko Parcent, Belgikako Belgium Youth eta Larraul taldeak izango dira Irunen larunbatean. Elkarren kontrako hiru partida jokatuko dituzte Ugalde-Ventasen (sarrera doan da), hurrenkera honetan:
- 11:00etan, Parcent-Belgium Youth
- 12:00etan, Belgium Youth-Larraul
- 15:00etan, Larraul Parcent.
Partida horietan emaitza onenak lortzen dituenak finalerdietarako txartela lortuko du. Bertan indarrak neurtuko ditu beste bi taldeetako lehenekin, eta laugarren postua hiru taldeen artean bigarren talde onenarentzat izango da.
Gaur aurkeztu dituzte Ugalde-Ventasen partidak Pedro Alegre udaleko Kirol ordezkariak eta Joxe Mari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko zuzendaritzako kideak. Alegrek federazioko kideari eskertu egin dio partidak Irunera eraman izana, “kirol hau ezagutzeko balioko dute lehiek”. Federazioko ordezkariak gogorarazi du Irun izan zela bote luzea praktikatu zen lehenetariko herria Gipuzkoan, “eta aukera hau ez dugu galdu nahi izan berriz ere Irunera ekartzeko kirol hau”.
Europan, Herbehereetan eta Belgikan batik bat, izen handiko kirola da. Adibidez, bi herrialde horietan bote luzeko kirolari profesionalak daude, eta urtero 80.000 federazio fitxa tramitatzen dituzte. Partidak batzuk 15.000 ikusle ere izaten dituzte.
Honako estekan,
pilota joko zuzen honen ezaugarriak.