Arma Plaza fundazioak hitzaldi eta bisita gidatu sorta antolatu ditu udazken eta negurako, Hondarribia hobeto ezagutzeko.
Iazko ‘Ezagutu zure hiria’-ko bisita gidatu bat.
Ezagutu zure hiria egitasmoak aste honetan ekingo dio sasoi berriari.
Arma Plaza fundazioaren eskutik, udazkeneko eta neguko hilabeteei begira, Hondarribia hobeto ezagutzeko aukera izango da, urritik hasita. Gaur aurkeztu du egitasmoa Kalixa Silanes Kultur zinegotzi, eta aldi berean Arma Plaza fundazioko lehendakariordeak.
Hilabete bakoitzeko ostegun batean eta segidan doan larunbatean egingo dituzte hitzaldi eta bisita gidatu horiek, urritik martxora, hurrenkera horretan. Silanesek jakinarazi duenez, hitzaldien erdia (seitik hiru) euskaraz izango dira. Eta hizlarien artean bi hondarribiar nabarmendu ditu, Rosa Arburua eta Ernesto Goirizelaia. Hala, hilabete bakoitzean, aditu batek gai zehatz baten gaineko hitzaldia (ostegunean) eta bisita gidatua (larunbatean) emango ditu.
Arburuak zabalduko ditu etzi (osteguna)
Ezagutu zure hiria-ren sasoi berriko ekitaldiak. Horrela, 19:00etan eta Arma Plaza fundazioaren egoitzan (Arma Plazan dago, hitzaldiak 2. solairuan dira),
Kontrabandoa Bidasoan gaia landuko du Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan doktore eta EHUko irakasleak. Aldi berean, larunbatean, eta 11:30ean Arma Plazatik abiatuta, gaiarekin harremana duen bisita gidatua egingo dute.
Jarraian dagoen zerrendan, azarotik martxora fundazioak egitasmoaren barruan antolatu dituenak ikus daitezke:
Azaroa
- Gaia: Espigoiak, Ramon Iribarren. Ernesto Goirizelaiak gidatuko ditu gai horren gaineko hitzaldia (azaroaren 17an, 19:00etan) eta bisita gidatua (azaroaren 19an, 11:30ean). Biak gazteleraz dira.
Abendua
- Gaia: Bunkerrak. Juan Antonio Saezek gidatuko ditu gaiaren gaineko hitzaldia (abenduaren 15ean, 19:00etan) eta bisita gidatua (abenduaren 17an, 11:30ean). Biak gazteleraz dira.
Urtarrila
- Gaia: Jaitzubiako padurak. Plaiaundi Parke Ekologikoko teknikariek urtarrilaren 12an (19:00etan) eta urtarrilaren 14an (11:30ean) egingo dituzte hitzaldia eta bisita gidatua hurrenez hurren. Euskaraz dira biak.
Otsaila
- Gaia: Jose Ignacio Etxenagusia. Montserrat Fornells-ek Etxenagusiaren gaineko azalpenak emango ditu otsailaren 9ko hitzaldian (19:00etan) eta otsailaren 11ko bisita gidatuan (11:30ean). Gazteleraz.
Martxoa
- Gaia: Pilota jokoa Hondarribian. Daniel Carballok gaiaren gaineko argibideak zabal emango ditu martxoaren 16ko hitzaldian eta 18ko bisita gidatuan. Aurreko hilabeteetako ordutegi berberekin egingo dira bi ekitaldi horiek. Euskaraz dia biak.