Lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu zeneko egunaren harira, udalean ordezkaritza duten alderdiek erakunde adierazpena osatu dute.
Irungo Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek erakunde adierazpena adostu dute biharko jai egunaren harira, lehenengo Eusko Jaurlaritza eratu izana oroitzeko egunaren harira alegia. Bihar da egun hori, hilaren 7a. Honakoa da adierazpena, hitzez hitz:
Lehen Eusko Legebiltzarreko kideak.
“Irungo Sozialistak, EAJ-PNV, Sí Se Puede Irun eta EH Bildu udal talde politikoek honako adierazpen instituzional hau babesten dute Euskadiko lehen gobernuaren 80. urteurrenean:
2016 urtea urte bizia izaten ari da Irunerako; izan ere, gure hirian historian zehar gertatu diren edo gure hiriarekin lotura estua duten gertakarien eta entitateen hainbat urteurren ospatzen ari dira: jurisdikzioa salbuesteko Errege Zedula eman izanaren 250. urteurrena; Irunen aduanak jarri izanaren 175. urteurrena; Etorbidearen zubiaren mendeurrena; “tren txikito” abian jarri izanaren mendeurrena; Jose Antonio Loidi Bizkarrondo farmazialari eta idazlearen jaiotzaren mendeurrena; Gerra Zibilaren 80. urteurrena: garapena, hustea, sutea eta ondorioak hirian; Santiagotarrak elkartearen 50. urteurrena, etab.
Urte honetan, Euskadiren eta Irunen historia gertatu berriaren bilakaera markatu duen gertakari baten 80. urteurrena ere bada. 1936ko urriaren 1ean, Euskadiko lehenengo Autonomia Estatutua onetsi zuten Espainiako Bigarren Errepublikako Gorteetan, 1931n hasi zen prozesu luze baten ondoren.
Autonomia Estatutu hari esker eratu ahal izan zen 1936ko urriaren 7an Euskadiko lehen Gobernua, Jose Antonio Agirre Lekube lehendakari zela. Gobernu hura indar politiko desberdinen adostasunetik eta parte hartze aktibotik sortu zen. Bertan izan ziren Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak, Partido Socialista Obrero Español-ekoak, Euskadiko Alderdi Komunistakoak, Eusko Abertzale Ekintzakoak, Izquierda Republicana-koak eta Unión Republicana-koak.
Espainiako Bigarren Errepublika ezarrita 1931tik sortutako ordena konstituzionala hausten zuen gerra zibilaren erdian hasi zen gobernu haren agintaldia.
1936ko urriaren 7 hartan, Irun uztailaren 18an matxinatutakoen erregimenaren pean zegoen, eta udal honek ezin izan zuen bat egin Euskadiko lehen Lehendakariaren hautaketarekin eta aldarrikapenarekin; Gernikako Batzar Etxean zeuden udalek hautatu zuten.
1937ko ekainean, Lehendakariak eta bere Gobernuak Euskaditik alde egin behar izan zuten, Ipar Frontea erori ondoren. Horrek erbestealdi luzea ekarri zuen, baina erbestean ere bizirik eutsi zioten Euskadiko Gobernuaren zilegitasunari, harik eta 1978-1979an berriz ere konstituzioak aitortu zuen arte.
Horregatik guztiagatik, Udalbatza honek, adierazpen instituzional honen bidez, 1936ko urriaren 1ean onetsitako lehenengo Autonomia Estatutuaren babesean eratu ahal izan zen lehenengo Gobernu haren oroitza egin nahi du haren 80. urteurrenean.
Irun, 2016ko urriak 6”