Emausek altzari berrituak kalera aterako ditu larunbatean, Zabaltza plazara. Horiek erosteko aukera egongo da.
Miguel Angel Paez udal ordezkaria eta Emauseko Manuel Mendez, jardueraren berri ematen.
Emausek udan zehar altzariek berritzeko egin dituen tailerren emaitza kalera aterako da larunbatean. Zabaltza plazak jasoko ditu altzari horiek, Emaus Plaza izeneko egitasmoaren bitartez. Tailer horien amaierako ekitaldia izango da. 11:00etatik 20:00etara egingo dituzte bertan jarduerak.
Udan altzariei bigarren bizitza ematen ia 100 pertsona ibili ziren Emausek Irunen duen egoitzan, 89 heldu eta zortzi haur. Zeregin horretan hainbat teknika erabili zituzten, beti ideia batekin: altzariak berrerabiltzeko aukera dago. Gainera, lan munduan txertatzeko arazoak dauzkaten pertsonak egitasmoaren partaide izan dira; horietako bik, gazteak biak, dinamizatu zituzten tailerrak.
Hala, altzarien erakusketa baino gehiago izango da Zabaltza plaza larunbatean. Esaterako, altzari horiek erosteko aukera izango da. Baina ez hori bakarrik: altzariak nola berritzen diren ikusteko tailerrak ere egongo dira, eta bestelako bigarren eskuko artikuluak erosterik ere izango da. Musikaz eta jakiez ere gozatzeko aukera izango da.
Ekintzaren berri emateko ere formula berritzaileak erabili dituzte Emauseko kideek, udalaren laguntzarekin: Irungo hainbat autobus geltokitan altzari berrituak jarri dituzte informazioarekin. Egongela antzekoak dira orain geltoki horiek.
Miguel Angel Paez Irungo Udaleko Sustapen ordezkariak esan duenez, “ingurumenaz sentsibilizazioa” ere lortu dute tailerretan parte hartu dutenek, berrerabilpena horren ardatzetakoa baita.