Urriaren lehen egunean egingo dute Hendaia eta Hondarribia arteko hamar kilometroko lasterketa. Iazko parte hartzaile kopurua gainditzeko asmoa dute BATeko antolatzaileek
Atzo egin zuten Txingudi Korrikaren aurkezpena.
Super Amara-Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) keinua egin dio Santiagotarrak Kirol Elkarteari: azken honek 50 urte bete ditu aurten, hortaz, hemezortzigarren Txingudi Korrika lasterketa ureko kiroletan dabilen eragileari aitortza egiteko baliatuko dute. Urriaren 1ean egingo dituzte Txingudi Korrikaren barruko bi lasterketak, nagusia eta haurrena. Atzo aurkeztu zituzten biak.
Lasterketa nagusian, urriko lehen eguneko 16:20ean abiatuko dira Hendaiatik roller kirolariak (Tribord ondotik), eta 16:30ean, berriz, korrikalariak. Hamar kilometroko bidea egin ondoren Hondarribiko atletismo pistan bukatuko dute denek bidea. Ibilbidean aldaketarik ez dago, bai ordea helburuetan: iazko 793 parte hartzaileen zifra txiki utzi nahi dute aurten. Gainera, korrikalarien denborak markatzeko banderekin joango dira hainbat laguntzaile.
Aldez aurretik proban izena emateko epea zabalik dago. Internetez egin nahi duenak
Kirolprobak-en atarira jo dezake; aurrez aurre egin nahi duenak Irungo Leire Sport eta Olamusu kirol dendetan, edo Hondarribiko Papycop paper dendan egin dezake. Txipa dutenek 12 euro ordaindu behar dituzte, alokatu behar dutenek 14. Egunean bertan izen ematearen prezioa 18 eurokoa da.
Emakumeen nahiz gizonen kategorietan lehen hamar sailkatuei emango dizkiete sariak. Bidasoko lehen gizon eta emakumeak ere izango du garaikurra.
Lasterketaren egunean Hondarribitik Hendaiara joateko autobus eta ontzi zerbitzuak egongo dira.
Goizean, haurrak
Urriaren 1ean, baina 10:00etan hasita eta Irungo Gal estadioaren inguruan, Txikien II. Txingudi Korrika egingo dute. Adinaren araberako 14 lasterketa egin ahal izango dituzte haurrek, urte batetik hasita, 13ra arte (2003an jaioak). Doan da lasterketa hori, baina
aldez aurretik izena eman behar da.