Behobiako bidegorri eta pasabide berriek badute data: udalaren asmoa da 2017aren hasieran lanei ekitea. Azken baimenak esku artean ditu udalak.
Itxura hau izango dute bide berriek.
Azken baimena falta zen, eta Irungo Udalak badu. URA agentziak baiezkoa eman dio Behobiatik Ford Vertiz-en eraikineraino egiteko asmo dagoen bidegorri eta oinezkoen pasabidearen lehen faseari, 950 metrokoa: lehen zatian, Behobiatik Jose Maria Franco kalearen bidegurutzeraino, uraren gainetik oinezkoen pasarela egingo dute, eta bigarren zatian lurzoru gaineko bide berrian ibiliko dira oinezkoak. Bidegorria beti egungo espaloia dagoen tokitik joango litzateke. Lan horiek 2,21 milioi euroko aurrekontua dute
Irungo Udalak esan duenez, 2008tik du egitasmoa esku artean. Iaz, hori moldatu egin zuten inguruneak hala eskatzen zuelako, eta azken proiektu horren gaineko baimen guztiak esku artean ditu jada: URA agentziarena, eta Espainiako Itsasertzen Zuzendaritza Orokorrarena nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Jose Antonio Santanok azaldu duenez, aurki obra esleitzeko prozedura abiatuko dute, eta 2017aren hasieran lanak hasi nahi lituzkete.
Albiste ona izan da URA agentziatik iritsi dena Santanorentzat, “Irunek merezi duen egitasmoa da, eta asko borrokatu dugu horren alde. Ingurune naturalarekin bat egiteko soluzio egoki eta eraginkorrenak aurkitu ditugu”.
Bigarren fasea
Lehen fasea abian, bigarrena idatzita dagoela aurreratu du udalak. Bigarren fase horrek 400 metroko luzera izango luke, Ford Vertiz-etik Artiako kanaleraino nahiz Osinbiribileko bidegorriraino. 850.000 euroko aurrekontua luke zati horrek.